Zegama-Aizkorri korrikalari askoren proba kuttuna da. Horren arrazoietako bat boluntarioek egiten duten lan bikaina da. Aurten ere 400 lagun baino gehiagok lan egingo dute, musutruk.
Zegama-Aizkorri korrikalari gehienen lasterketa kuttuna da eta guztiek bi arrazoi aipatzen dituzte: zaletuen berotasuna eta antolatzaileen lan ona. Proba honek korrikalari bakoitzeko boluntario bat du ia eta gehienak zegamarrak dira. Zegamarrek dena ematen dute herria mapan jarri duen lasterketaren alde. Antolakuntzako kideek boluntarioei eskerrak eman nahi dizkiete eta horretarako Goierriko Hitzarekin solasaldia antolatu dute.
Kolaboratzaileen zerrendan 400 lagun baino gehiago ageri dira, baina horietaz gain kolaboratzaileei laguntzera joaten direnak daude. Horien guztien %90 zegamarrak dira. Ia herri osoak lan egiten du urteko egun handian. «2002an hasi ginen eta orduan sortu ziren taldeetan oso baja gutxi egon dira. Laguntzeari utzi dioten guztiek, taxuzko arrazoiengatik utzi diote. Guztiak lagundu nahi dutelako eta egiten duten lana gustatzen zaielako etortzen dira. Gurasoekin joaten zen umeak 18 urte ditu egun. Hala, hasieran taldean lau lagun bazeuden, egun zortzi daude», azaldu du Alberto Aierbe zuzendari teknikoak.
Herri guztia dagoela inplikatuta gehitu du. «Lan egiten ari ez dena, korrikalariak txalotzen ari da. Zegama guztia inplikatzen da. Herriaren inplikaziorik gabe, Zegama bezalako herri txiki batek ezin du halakorik antolatu». Zegamakoa da herri batek antolatzen duen Munduko Kopako proba bakarra. Gainontzeko guztiak enpresa pribatuek antolatzen dituzte. Hala, antolaketan lan egiten duten guztiek dirua kobratzen dute. «Behobia-Donostian ere guztiek kobratu egiten dute. Hemen, berriz, ez du inork kobratzen. Ezta urte osoan zehar lan egiten dugunok ere. Kanpotik etorritako korrikalariei asteartean lanera joan behar dugula esaten diegunean, txundituta gelditzen dira», esan du Ainhoa Txurruka zuzendariak.
Enpresa batzuek lasterketaren ardura hartzea eskaini diete, baina zegamarrek ezetz esan dute. «Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den. Beharbada saihestezina izango da, geroz eta lan gehiago baitugu, baina Zegama-Aizkorrik bere esentzia galduko luke. Boluntarioei eskerrak eman beharrean gaude», gehitu du.
«Maratoia da gure herria mapan
jartzeko erreminta nagusia»
Joseba Izagirre (Zegamako alkatea)
«Askok lantokian jai hartzen dute
kilometro bertikalean lagundu ahal izateko»
Alberto Aierbe (Zuzendari teknikoa)
Erreleboarengatik kezka
Aierbe kezkatuta ageri da. «Arduradunotako batzuk adinean aurrera goaz eta antolaketa lana oso gogorra da. Ni basozaina naiz eta mendian asko ibiltzen naiz, baina enpresa baten zortzi ordu lan egiten duenak ezin du nik egiten dudan lana egin. Erreleboa lortzea zaila izango da. Behobia-Donostiak bizpahiru liberatu ditu, guk bakar bat ere ez».
Jabier Arizkorretak arduradun guztiek bere lanbidearekin lotutako lanak egiten dituztela gogoratu du, eta boluntarioen zerrenda ikusgarria dela. «Zerrenda horretan boluntario guztien izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbidea ditugu». Igandean gehienek jai dute, baina kilometro bertikala ostiralean da, ordea. «Jende askok lantokian jai hartzen du kilometro bertikaleko lanetan lagundu ahal izateko! Hori ez sinestekoa da!», dio Aierbek mirespenez.
Jendeak bere poltsikotik dirua jartzen du, alegia. Batzuek lantokian jai hartuta eta beste batzuek beraien autoak antolatzaileen esku utzita. «Sekulako auto pila dugu gure esku. Auto horiek Emilio Txurrukak koordinatzen ditu. Primerako lana egiten du. Iaz eguraldi aldaketak korrikalariak ezustean harrapatu zituen eta asko Urbian gelditu ziren. Txurrukak, ordu erdi batean, hamabost auto Urbiara bidali zituen korrikalarien bila. Horri organizazioa deitzen zaio!», aipatu du Arizkorretak.
Gainera, lan asko ez dira esker onekoak. «Aparkalekuez, dutxez… arduratzen direnek ez dute sekula lasterketa ikusi. Mendiko lana atseginagoa da… eguraldi ona egiten duenean! Galdetu iezaiezu iaz Aketegiko puntan egon zirenei zer moduz egon ziren… Larri ibili ziren, e!».
«Hemen ez du inork kobratzen, ezta
urte osoan zehar lan egiten dugunok ere»
Ainhoa Txurruka (Zuzendaria)
«Zegamako hiru biztanletik batek
antolaketan lan egiten du»
Jabier Arizkorreta (Antolakuntzako kidea)
Maratoiaz harro
Hala ere, guztiek errepikatu egiten dute. Zergatik ote? «Toki guztietan, Zegamakoak garela esaten dugunean, maratoia aipatzen digute. Oso harro gaude horretaz. Maratoia da gure herria mapan jartzeko erreminta nagusia. Maratoiaz harro gaude eta kolaboratzaile izatea maratoiko parte izateko modua da», esan du Joseba Izagirre alkateak.
Arizkorretak maratoia antolatzea erabaki bikaina izan zela dio. «Begira Zegama non dagoen eta zenbat biztanle dituen. Herri txikiontzat oso zaila da sona lortzea eta guk maratoiari esker lortu dugu. Maratoiak sekulako proiekzioa du komunikabide espezializatuetan, sare sozialetan… Ikaragarria da. Baina hori lortzeko, hiru biztanletik batek antolaketan lan egiten du».
Aierbek hiri handi baten halako zerbait egitea oso zaila dela gehitu du. «Hiri handi batean ezin da halako giroa sortu. Eta giro hori da atzerritarrei erakargarria egiten zaiena. Etortzen diren guztiak itzultzeko gogoarekin joaten dira».
Gainera, kobratzen ari denak ez du sekula boluntario batek bezainbesteko gogoarekin lan egingo. «Korrikalari asko txundituta gelditzen dira anoa-postuetan dagoen giroarekin. Talde guztiek zerbait berezia egiten dute. Azken anoa-postukoek, adibidez, azken korrikalariari botila bat ardo oparitzen diote. Talde guztietan sekulako giroa dute. Batzuk hamaiketakoa egiten dute, beste batzuk paella jana… Zegama-Aizkorri festa handi bat da eta boluntarioak ere festaz gozatzen saiatzen dira. Hori bai, lehentasuna korrikalariei laguntzea da. Guztiek korrikalarien zerrenda edukitzen dute bakoitzari bere izenarekin deitu ahal izateko. Leher eginda doanarentzat, hori oso garrantzitsua da», dio Aierbek.
Antolatzaileak giroa berotzen apartak dira. Irteeran Vangelisen musika jartzen dute. «Korrikalariak entxufatu egiten dira, baina gu ere bai. Ikusleak ere emozionatu egiten dira!».
Ez ditu ikusleak ahaztu nahi, noski. «Eta Sancti Spirituko giroaz zer esan… Han korrikalariek eta ikusleek bat egiten dute. Han ez dago gezurrik. Hango animoak bihotzetik irteten dira. Hori guztia da Zegama-Aizkorri berezi egiten duena. Aizkorri polita da, baina ez da Chamonix. Ez da Chamonix, baina 9.000 eskaera ditugu», azaldu du Aierbek.
ZEGAMA-AIZKORRI: