Zegama-Aizkorri: Faboritoen gainetik, lasterketa ona egitea helburu
Iritsi da Zegama-Aizkorriko asteburua eta Zegamako herrigunean nabaritzen da mugimendua. Antolakuntzakoak dena prestatzen ari dira gaurko kilometro bertikala eta igandeko maratoirako dena prest egon dadin. Eta nola ez, faboritoen eta izenen dantza ere hasi da.
Lasterketaren aurkezpen ofizialak egin dute goizean, eta asteburuko bi probetako faboritoen zerrendan dauden lau korrikalari ezagunek parte hartu duten. Gehienak bat etorri dira aurten lehia irekia izango dela eta lehen postuetako borroka estua izango dela esaterakoan.
Horietako bik, Maite Maiorak eta Stien Angermund-Vik-ek bertikalean eta maratoia, bietan parte hartuko dute. Maiorak azaldu du “azken bi urteetan lesioekin eta ukituta” Iritsi dela Zegamara, baina aurten sasoi betean datorrela, “betiko beldurrezko baina fisikoki aitzakiarik gabe”. Angermund-Vik-ek ere bere burua “ondo” ikusten du eta denboraz haratago, “lasterketa onak” egiten saiatuko dela. “Helburua errendimendu ona lortzea da, %100 eman eta gustura gelditzea, emaitza bigarren planoan gelditzen da”.
Megan Kimmel ere ezaguna da Zegaman, bitan parte hartu baitu, aurrenekoan “oso gaztea” zela, eta iaz, denbora eta postu onak lortu zituen (bigarren egin zuen). Aurten “entrenamendu saio ona” egin duela eta “ondo” datorrela dio. “Denok nahi dugu lehen postua lortu baina zaila izango da, podiumarekin ere gustura negoke”. Hala ere, iaz bigarren geldituta Arantzazu bat sartu zitzaiola dio eta aurten ateratzen saiatuko dela. Maiorak izango du arerio nagusietako bat. Errespetu handia dio Kimmelek; “iaz kilometro asko batera egin genituen, eta badut ikusmina aurten nola dagoen jakiteko”.
2015eko edizioko ezustekorik bat izan zen Pere Rollan kataluniarra, lehengo aldian lau orduz azpiko denbora egin baitzuen. “Duela hiru urte anaia eta biok publiko moduan etorri ginen, eta parte hartzearekin amesten genuen. Hurrengo urtean lortu nuen etortzea eta oso ondo joan zen dena; aurretik denbora hori egingo nuela esan balidate ez nukeen sinistuko”. Iaz, lesioekin bat tarteko ezin izan zuen etorri, eta gogotsu dago iganderako. “Buruarekin korri egitekoa” dela dio, hasieran azkarregi ateraz gero, garesti ordaindu baitaiteke gero. Faboritoen inguruan galdetuta, Aritz Egea, Angermund-Vik eta Remmy Bonberenea aipatu ditu.
ZEGAMA-AIZKORRI: