Legorretan Azintzio jaiak dira, ostegunean hasi eta bihar arte. Gaur, mozorro eguna ospatzen da, eta herriko kuadrillak mozorrotuta elkartu dira eguerdi aldera plaza nagusian.
Mozorroena ez ezik, paellen eguna ere bada gaurkoa. Lehiaketa egin dute frontoiko estalpean, 35. edizioa, eta 16 paella aurkeztu dituzte. Epaimahai lanetan Guadalupe taberna zaharreko Kontxita Altuna, dagoeneko itxita dagoen Inaxi tabernako Mariaje Jauregi, Insausti jatetxeko Borja Urretabizkaia eta Igor Larrea herritarra izan dira. Lehiaketa amaitutakoan, herri bazkarian dastatu dituzte paellak legorretarrek.
Festak jarraipena izango du arratsaldean gazteek antolatutako herri kirol desafioarekin eta gauean Otsein eta Skakeitan taldeek egingo duten kontzertuarekin.
Bihar kalejira egingo dute Solano musika eskolako kideek eguerditik aurrera, eta arratsaldean herri kirolen erakustaldia egingo dute. Jaiei amaiera emateko, Gizon Pikua ehortziko dute.