Iker Irribarria: "Egitan, honek txapel batek baino askoz gehiago balio du"
Oinatz Bengoetxearen aurka buruz buruzko finala galdu arren, irribarretsu iritsi zen atzo gauean Ordiziara, 22:30ak aldera, Iker Irribarria pilotari aramarra. Bildutakoei txaloka sartu zen Irribarria Tximista sagardotegira, eta azken bi finaletan bezalaxe, lagunak eta herritarrak zituen han zain. Kuadrillakoek aurreskua dantzatu zioten, lore sorta bat ere jaso zuen, eta segidan Aitor Mendiluzek, Unai Agirrek, Igor Egurenek eta Amets Arzallusek bertso bana bota zioten. Lehen sagardo tragoa jo ondoren, honako adierazpenak egin zizkion prentsari pilotariak.
“Finala nahi baino okerrago joan da, baina ondo. Egia esan, eskertzekoa da gaur hemen antolatu dena, nahiz irabazi nahiz galdu. Egitan, honek txapel batek baino askoz gehiago balio du”.
Irribarriak “arrarotzat” definitu du atzoko finala. “Hasieran nik hartu dut abantaila, eta gero, soltatzen joan naizen heinean, Oinatzek terrenoa jan dit. Nik uste dut partida ona izan dela, jendeak disfurtatu duela, eta nahiz eta txapela ez ekarri, ospatzeko modukoa dela. Pena izan da, baina beste alde batetik kontentu nago, dena eman dugulako, eta Oinatzek irabazi digulako, ez dugulako guk galdu txapela”.
Ingurukoek egindako harrerarekin gustura zegoen Irribarria. “Hemen egin didaten harrerarekin ikusten da jendeak zenbat maite zaituen, eta bueno, hau ez nuke txapelarengatik aldatuko”.