Dantzaren sokak ez du etenik
Beasaingo Loinatz jaietako haurren soka dantza edo aurreskua eta ezpata dantza oso lotuta daude Sarriegi familiarekin; bereziki, Joxe, Javier, Nerea eta Josebarekin.
Javier ...
Beasaingo Loinatz jaietako haurren soka dantza edo aurreskua eta ezpata dantza oso lotuta daude Sarriegi familiarekin; bereziki, Joxe, Javier, Nerea eta Josebarekin.
Javier Sarriegi bost urte zituela hasi zen soka dantzan, «nire aita –Joxe– orduan dantza maisua zen». Hamabi urtera arte plazan dantza egin zuen eta bi urteko etenaren ondotik, 14 urterekin berriz soka dantzara; baina orduan, irakaslearen laguntzaile lanean: «9-10 urte nituenean aitak utzi egin zuen eta Santi Lasak hartu zuen. 14 urterekin Santi Lasarekin hasi nintzen laguntzaile eta 17 urterekin ni gelditu nintzen arduradun bezala». Iaz arte, 57 urte zituen arte, Javier Sarriegi izan da festetako haurren soka dantzako irakaslea.
Iloba eta semea
Urte horietan guztietan, bi urteetan bakarrik huts egin duela dio: «Soldadutzara joan nintzenean Karmele Sarasolak hartu zuen ardura; eta beste urte batean Bartzelonara joan nintzen lanera eta Josu anaia aritu zen».
2015ean Javier erreleboa prestatzen hasi zen eta Nerea iloba eta Joseba semea hasi ziren Javierren ondoan. «Lehenengo urtean nik erakutsi egiten nien dantzariei eta Nerea eta Joseba ondoan izaten nituen begira, ikasten». Sarriegitarren eta soka dantzaren katea ez da eten: «Polita da familian geratzea, uste dut horregatik jarraitzen dugula», diote Nereak eta Josebak.
2016tik, beraz, Nereak eta Josebak daramate taldea prestatzearen ardura, eta Javier ondoan izaten dute laguntzeko. Izan ere, «zaila da egunero-egunero pertsona bat libre izatea. Ardura handia da, egun asko dira. Aste Santua baino hiru aste lehenago hasten gara», diote. Nerea, gainera, gustura dago dantza irakaslea emakumea delako. Biak ala biak, gainera, soka dantzan parte hartutakoak dira; Joseba dantzari eta Nerea, bikote.
Zaharrenak San Martinen
Aurten lan asko dute gainera dantza irakasleek, aspaldiko urteetako 4 eta 12 urteko mutil kopuru handiena prestatzeko ardura baitute, 40 guztira: «Berri asko txikiak dira gainera, 4 urtekoak eta denbora gehiago behar da erakusteko». Irakasleen soka eten ez den bezala, dantzariena ere eten ez den seinale.
Dantzari zaharrenek prestakuntza bikoitza egin behar izaten dute, ordea; astelehenean, Loinazko?San Martin baselizan egiten den ezpatadantza, alegia. «Plazan urte batzuk ateratzen direnekin, 8-9 urtekoekin osatzen dugu taldea», nabarmendu dute. 16 dantzariko taldea osatzen saiatzen dira, 15 eta kapitaina, baina ez da lan erraza izaten dantzariak uzten joaten baitira adinean aurrera joan ahala.
Pazientzia eskatzen duen lana da, «baina poza izaten da astearteko soka dantza bera», adierazi dute.