Gorka Izagirrek Ziordia bizilekuan jaso du lehenengo aitortza
Italiako Giroan irabazitako etapa bat poltsikoan duela, astelehen eguerdian iritsi zen Euskal Herrira Gorka Izagirre, Milandik. Ziordian (Nafarroa) bizi da, eta hango herrikideek ongietorri beroa egin zioten, astelehen iluntzean, herriko frontoian. Txapela jantzi, eta koadro bat oparituta eskertu dizkiote Giroko lana eta zaletuei emandako pozak.
Guaixe agerkariari egindako adierazpenetan, nekatuta baina Ziordian egindako ongietorriarekin “oso-oso pozik” azaldu zen Izagirre. “Halako ongietorria ez nuen espero, eta eskertzekoa da. Ziordian urte gutxi daramat bizitzen, eta herriak berak ongietorria egitea polita da. Ormaiztegin ere egin izan didate. Ni ormaiztegiarra sentitzen naiz, eta hori beti bihotzean izango dut. Hangoek ere zer edo zer egingo dute”, esan du Izagirrek.
Ehungarren Giroko 8. etapa irabazi zuen Gorka Izagirrek, maiatzaren 13an. “Beti da pozgarria irabaztea, eta polita. Dena ematen duzu irabazteko”. Giroko azken garaipena Nairo Quintana taldekideak ez lortu izana ere erlatibizatu du: “Kontent gaude gu. Arantza baino gehiago, pena pixka bat da, beti joaten garelako irabaztera. Ez dugulako lortu, eta batez ere azken egunean kendu digutelako Giroko garaipena. Baina pozik gaude egindako lanarekin”.
Orain atsedena hartuko du. Ez du argitu zein lasterketatan berrekingo dion lehiaketari. “Bi seme dauzkagu, eta orain horiekin disfrutatzera orain. Etxean bestelako lanak badauzkagu, eta horiei heldu behar, horrek ere berea badu eta”. Ormaiztegin ere omenalditxoren bat jasotzeko astia izango du.