Jon Elortza: "Gozatua hartu dut zazpigarrengoan"
Jon Elortza zegamarrak igandeko Zegama-Aizkorri mendi maratoian izandako bizipenak laburbildu ditu analisi honetan.
“Zazpigarren aldiz egin dut aurten Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Ez dira denak segidan izan. Hasierako urteetan bai, gero lau urtean ez dut parte hartu, eta aurten korrika egitera animatu naiz atzera. Kuadrillako batek komentatu zidan egingo ote genuen, eta horretxek bultzatu ninduen. Gu mendi korrikalariak baino gehiago mendizaleak gara, eta maratoian irteteak gehixeago ibili beharra eskatzen du. Asko-asko ere ez, baina pixkat ibili gara mendian.
Karrera honek bultzatuta hasi ginen gu mendian korrika. Zegamarrontzat lasterketa berezia dela ez dago dudarik. Aurten ere 22-23 atera garela uste dut, eta horrelako herri txiki baterako kopuru handia da. Zerbait esan nahi du horrek. 6:04:36an osatu dut ibilbidea aurten. Mendi korrikalaria ez izateko denbora oso ona dela uste dut. Orain hamar urte sei ordutik jaitsi nuen, eta helburu txiki hori banuen, baina gustura nago hala ere.
Lasterketa aurretik betiko sentsazioak izan ditut. Gauean lo egiteko nahikoa lan, urduritasuna, irteera aurretik emozioa… Hasieran lasai hastea erabaki dut, muskularki asko sufritzen dudalako. Azkartxeago joateko aukera bai, baina bukaeran ordaindu egiten da esfortzu hori. Emozio horiek ahaztu egiten dira abiatzerakoan, baina Aratz pasatu, eta Sancti Spiritura iristean –lau zegamar bateratsu joan gara ordura arte–, nahigabeko urduritasuna itzultzen da, jende asko, oiloipurdia… Eta Aizkorriko gailurrean ere bai!
Eta behin Andraitz pasatutakoan, ahal dudana egitera joan naiz. Urbiara iristean sei orduren azpitik aritzearena banuen buruan, saiatu bai baina… Ez naiz denborarekin itsutzen den horietakoa, nire buruari jarritako erronka bat besterik ez da. Aurten disfrutatu egin dut, gozatua hartu dut mendian, sentsazio onarekin bukatu dut, zoragarria izan da. Kalean bero zegoen, baina mendian korrika- rako giro ona egiten zuen, ez horrenbeste ikusleentzako. Hotza pasatu duenik ere izan da!
Datorren urtean zer egingo dudan oraindik ez dakit, ez dut pentsatu. Boluntario ere aritzen gara. Egia da harra egoten dela, baina karrera hau prestatzeak exijentzia maila handia dauka, eta beste lan batzuk ere izaten dira. Ez dut baztertzen, baina bi Zegama-Aizkorri segidan egiteko gauza asko utzi behar dituzu behar bezala prestatzeko, eta gure mailan ez dut uste horretarako beharriko daukagunik”.