Atzoko lan istripua gaitzesteko kontzentrazioa
Gaur goizean kontzentrazioa egin dute Urretxun, Labeaga kalean egiten ari diren etxeetan izandako lan istripua gaitzesteko. Atzo langile bat erori egin zen eta, buruan jasotako kolpearen ondorioz, hil egin zen.
Gaur goizean kontzentrazioa egin dute Urretxun, Labeaga kalean egiten ari diren etxeetan izandako lan istripua gaitzesteko. Atzo langile bat erori egin zen eta, buruan jasotako kolpearen ondorioz, hil egin zen. Kontzentrazioa ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deitu zuten eta Urretxuko alkateak eta zinegotziek ere bat egin zuten.
Sindikatuek asteazkeneko lan istripua prekarietatearen ondorioa dela esan dute. ELAko Manu Tenak Osalani eta lan inspekzioari Urretxuko obrako langileen lan baldintzak eta istripua ikertzeko eskatu die. Langile batzuk egunero Tuteratik joaten direla eta 11-12 ordu lan egiten dutela gehitu du.
Iker Espolosin LABeko ordezkariak istripuak ekidin daitezkeela esan du, baina horretarako prekarietateari aurre egin behar zaiola. “Prekarietateak erantzuleak ditu. Atzo hil zen langilea azpikontratatutakoa zen. Enpresariek, irabaziak handitzeko, gastuak murriztea erabaki dute. Horrek lan baldintzak okertzea dakar. Horregatik, patronalak ez du hitzarmenik nahi. Hitzarmenak lan baldintzak ezartzen ditu eta prekarietatea eta azpikontratazioa mugatzen ditu. Hau guztia botere politikoak onartzen duelako gertatzen da”.