«Berezkoa ere behar da, erritmoa, baina dantzan ikasi egiten da»
Gaur, 22:30ean, Beasaingo Gernika Pasealekuko pilotalekuan, Jose Mari Orbegozoren (Azpeitia, 1964) aretoko dantzako Dantzaki eskolako dantzarien Loinatz jaietako urteroko erakustaldia izango da. ...
«Erakustaldietan ez da dantza prestatzea soilik, estilismoak ere garrantzia dauka» «Azken batean dantza ariketa fisikoa egiteko era bat da, izerditu ederra hartzeko» «Oso burugogorra naiz, eta helburu bat jartzen dudanean ondo egitea gustatzen zait»Dantza aukera zabala dago. Niri gustatzen zait dantza mota guztiak erakustea, oinarrizkoa behintzat. Gero, ezkontza batera-edo joaten bazara, oinarria badakizu eta ondo moldatuko zara. Dantzarik egiten ez dutenek tabernara joaten direnean beraien erara egiten dute dantza, eskolara etorri eta esaten dute: ‘Nik ez nekien hau saltsa zenik… edo batxata zenik…’ Nahiz eta bakoitzak bere erara egin, eskolan dantzak bereizten ikasiko da. Irakasteaz gain, lehiaketetan ere parte hartzen duzu. Bai, aurten azkena, Torremolinosen (Malaga, Espainia) eta sei sarirekin etorri gara Amaia Gonzalez (Lasarte, 1976) eta biok. Sariak lortzea ere asko kostatzen da. Jendeak askotan ez daki zenbat kostatzen den horra gora igotzea. 23 urte daramatzagu Amaiak eta biok elkarrekin dantzan. Mundu mailako sariak eskuratu dituzue gainera. Bai, MueBT Dantza Txapelketan, mundu mailako hiru lehen sari eta bigarren eta hirugarren bana jaso ditugu. Eta horiez gain, Espainiako bigarren bat ere bai. Bachata, merenge, saltsa, cha-cha-cha, vals, tango eta pasodoble modalitatean aritu gara. Omenaldia ere jaso duzue. Bai, Azpeitian eta Lasarten omenaldia egin ziguten. Poza ematen du. Azpeitian uztailaren 9an jendearen aurrean egingo digute omenaldia, Soreasun. Aurreko omenaldia udalarena izan zen, uztailekoa, berriz, herriarena izango da. Beasainen 25 urtetik gora daramazu dantza erakusten. Nolatan murgildu zinen aretoko dantzetan? Hemeretzi urterekin soldadutzara joan nintzen Madrilera, eta handik ez nintzen Azpeitira itzuli, Donostiara joan nintzen bizitzera. Desagertu egin nintzen. Handik hurrena, telebistan ikusi ninduten, Donostian, Euskadiko txapelketa irabazi nuelako. Handik aurrera Euskal Telebistatik deika hasi ziren erakustaldiak egiteko. Handik zabaldu zen ni dantzan ibiltzen nintzela, jendeak ez zekien. Azpeitiarra izanik, aurretik euskal dantzatan ibiltzen zinen? Ez. Dantza beti gustatu izan zait, ezkontzetan-eta, lehenengo piezatik azkenera arte aritzen nintzen dantzan nire arrebarekin, neure erara. Soldadutza garaiari probetxua atera zenion beraz. Azpeititik Madrilera joanda pentsa, Madrilen begiak irekitzen zaizkizu. Han dagoen aukera handia da, gustu guztietarako dago. Egunero, 17:30etik 23:00etara jasotzen nuen eskola. Gogoarekin hartu nuen. Abenduan hasi eta martxoan lehenengo txapelketa jokatu nuen, eta ez nuen ezer ere egin. Baina dantza irakasleak proposatu zidan. Oso burugogorra naiz, eta helburu bat jartzen dudanean, ondo egitea gustatzen zait.