Kalegorrian musika zikloa bihar hasiko da Urretxuko gaztetxean
Kalegorrian musika zikloaren bosgarren edizioa bihar hasiko da. Aurten hiru jaialdi egongo dira, datozen hiru asteburuetan. Lehenengoa gaztetxean izango da eta beste biak Santa Barbaran. Hilaren 18koa egun osokoa izango
Kalegorrian musika zikloaren bosgarren edizioa bihar hasiko da. Aurten hiru jaialdi egongo dira, datozen hiru asteburuetan. Lehenengoa gaztetxean izango da eta beste biak Santa Barbaran. Hilaren 18koa egun osokoa izango da.
Zikloa bihar hasiko da, gaztetxean. 20:00etan Ibon RG sestaoarrak joko du, 21:00etan luncha egongo da, 22:30ean Zarauzko Sofa taldearen txanda izango da eta gauerdian Valentziako Cuello taldeak joko du. Ondoren, gaztetxean bildutakoek Beirut, Entrepeneur eta Pop3ros DJekin dantza egiteko aukera izango dute.
Datorren asteko larunbatean lau kontzertu egongo dira. Oso Fan taldeak 18:00etan joko du, Belarmiñak-ek 19:30ean, Txost! taldeak 22:00etan eta Drumkopters-ek 23:00etan.
Azken jaialdia hilaren 18an izango da. Beñat Axiari (12:00), Maddi Oihenart (13:00), Wankatanka Trio (17:30) eta Neighbor&Mursegok (19:00) joko dute. Azken bi jaialdiak Santa Barbaran izango dira.
Ziklo hau izen bereko taldeak antolatzen du. Gorka Erostarbe antolatzaileak beraien helburua kalean doaneko kontzertuak eskaintzea dela esan du. Horretarako, hasieratik, Santa Barbara aukeratu zuten. Bere esanetan, oso garrantzitsua da kontzertuak aire librean izatea, «musika gehiago bizitzeko eta jendearen arteko harremana bultzatzeko».
Euskarari ere garrantzia handia ematen diote. «Inguruko musika taldeak ekartzen saiatzen gara, euskaldunak, baina kanpokoak ere ekartzen ditugu. Kataluniako, Alemaniako, Espainiako… taldeak izan ditugu gure artean lau urte hauetan».
Bosgarren edizio honi dagokionez, lagun zaharren bisita azpimarratu du. Izan ere, Joseba Irazoki, Beñat Axiari eta Mursego bigarrengoz etorriko dira.
Lehen kontzertua larunbat honetan izango da. IbonRG-k hamaika egitasmotan parte hartzen du. Urretxura bakarrik etorriko da, bere teklatuarekin, eta bere lan berria aurkeztuko du. Sofak rock instrumentala jotzen du nagusiki. Cuello taldekoei dagokienez, gaztetxekoen lagun zaharrak dira. Pop-rocka jotzen dute eta beraien azken diskoak harrera ona izan du Espainiako komunikabideetan.
Kontzertu guztiak doan izango dira, baina laguntza bonoak salgai jarriko dituzte, 5 euroan. Bonoak erosten dituztenek bazkari eta afarien zozketan parte hartuko dute.