Olaberriko Carrefour saltokiko langileek lan hitzarmena bertan negoziatu dadila eskatu dute
Olaberriko Carrefour merkatal guneko langileek ordu erdiko geldialdia eta protesta egin dituzte gaur, saltokiaren atarian. LABek egindako deialdia zen, baina ELAk ere bat egin du aldarrikapenekin eta gaurko geldialdiarekin. Espainiar Estatu mailan sinatutako lan hitzarmena “kaltegarria” dela azaldu dute, eta “akordioak bertan” sinatu behar direla aldarrikatu dute.
Eztizen Agirresarobe, LABen Goierri eta Tolosaldeko zerbitzu arduradunak azaldu duenez “beste behin iruzur berri baten aurrean” daude langileak. “FASGAk, CCOOk, UGTk eta patronalak saltoki handietako hitzarmena sinatzeko akordioa egin dute Madrilen, eta hitzarmen horretan ez dituzte kontutan hartu hemen lan egiten dugun langileon beharrak”. Madrileko mahaietan negoziatzen diren hitzarmenekin “inongo itsaropenik ez” dutela dio, “akordio horiek hemengo langileentzat kaltegarriak” direlakoan; horregatik, “hemengo langileak lantokietan pausoak” eman ditzaten animatu ditu.
Agirresaroberen ustez, tokian tokiko hitzarmenak lortu behar dira, eta zentzu horretan, LABek urratsak ematen jarraituko duela dio, “bertan akordioak lortzeko, prekarietatetik ateratzeko eta lan baldintza duinak” izateko. Tokiko negoziazioen adibide moduan jarri du Oiartzungo Carrefour saltokiko langileek zabaldutako bidea. “Hiru greba egun egin dituzte eta hipermerkatua itxita egon ondoren, akordio on bat lortu dute, hitzarmen estataletik kanpo”. Zentzu horretan, Oiartzungo Carrefourreko langileak zoriondu ditu, “mobilizazio horietan erakutsi duten jarrera eta konpromezuagatik”. Sektoreko gainontzeko langileei ere “bide hori jarraitzeko deia” egin die, “Oiartzungo Carrefourren ahal izan bada, Olaberrian eta beste lekuetan ere ahal delako”.