Ortiz de Luzuriaga gogoan, bizikleta martxa egingo dute etzi 13. urtez
Martxan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena 08:00etatik 09:00etara. Laubidetik abiatuta 38 kilometroko ibilbidea beteko dute
Xabier Ortiz de Luzuriagaren heriotzaren ondoren hasi ziren haren lagunak mendi bizikleta martxa bat antolatzen. Aurtengoa 13. ekitaldia da eta dagoeneko egonkortuta dagoela dio Aitor Uribetxeberria antolakuntza taldeko kideak. Martxa Ortiz de Luzuriagaren lagunek antolatzen dute urtero, ekaineko lehenengo igandean, Hegialdeko jai batzordearen babesarekin.
Txirrindulariak igandeko 09:00etan aterako dira Laubideko oinezko bidetik. Aurrez eman beharko dute izena 10 euro ordainduta. Iaz 250 bat lagunek parte hartu zuten eta Uribetxeberriak dioenez, «lanbroa nagusi izan dugunean ere, 150 bat partaide izan ditugu». Ez daude, horrenbestez, partaidetzarekin arduratuta jakin badakitelako txirrindulariek ez dutela hutsik egingo.
Ibilbidea Laubiden hasi eta Haizelekutik igota, Ortiz de Luzuriagaren monolitoa dagoen guneraino joango dira, Larrosainen, harrobiaren gainera. Ehiza postuak iragan eta Gibola gainera jaitsiko dira Aierdi errekatik pasa eta Beaingo zabalera iristeko. Arratolatik Brinkolako bidegurutzera iritsiko dira eta handik Korosti aldera egingo dute baina ez dute gaina joko. Guztira 38 kilometro ditu ibilbideak.
Anoa postuak Aierdin (16. kilometroan) eta Korostiko pistan (30. kilometroan) ipiniko dituzte.
Emakumeen parte hartzea
«Mendi martxa herrikoia da, ez dago sailkapenik. Guretzat Xabi gogoratzeko aitzakia da», dio Uribetxeberriak. Ibilbidea bihar markatuko dute eta gaineratu duenez, «ez da erraza antolaketa lanetan aritzeko denbora ateratzea, baina ateratzen dugu eta mendi bizikleta martxa urtero egiten dugu».
Azken urteetan emakumez-koen partaidetzak gora egin duela dio, «5-6 emakumek parte hartzea lortu dugu eta pozik gaude, ez baita erraza emakumezkoen parte hartzea lortzea», azaldu du.
Bizikleta martxaren ondoren Laubiden zer jana eta zer edana izango dira, «bizikleta martxak festa ukitua hartzen du eta auzotarrekin batera Xabi gogoratzen dugu».
Izena ematerakoan txirrindulari bakoitzak hartzen duen dortsalaren zenbakia aintzat hartuta, antolatzaileek zozketa bat egingo dute bizikleta martxaren amaieran. 80 bat opari banatuko dituzte jatekoak olioa, zainzuriak, piperrak… eta kirol materiala direla.













