Motxilaren ume gehiagorik izan ez dadin
Picassenten (Valentzia, Herrialde Katalanak) preso dagoen Idoia Mendizabal ordiziarraren eta haren seme Ametsen egoera salatzeko Salatzen dut! eguna egiten ari dira haren jaioterrian, Sarek antolatuta. Joan den astelehenean hiru urte bete zituen Mendizabalen seme Ametsek, eta Espainiako legediak agintzen du adin hori betetzerakoan umeak kartzela utzi behar duela derrigorrean. Astelehenean bertan,maiatzaren 29an, ekarri zuten haurra Mendizabalen senideek Ordiziara. Aurrerantzean, haurrak 1.200 kilometroko joan-etorriko bidaia egin beharko du Picassentera gurasoak ikusi ahal izateko.
Eguerdian Porrotx pailazoak ikuskizun bat egin du Ordiziako Beti-Alai pilotaleku txikian, segidan batukada izan dute eta gero herri bazkaria. Arratsaldean, 18:00etan, txokolatada egingo da plazan, eta 19:00etan, Altxa Gudari eta Gureran musika talde zaldibiarrek kontzertua joko dute.
Euskal Herrira ekartzeko eskea
Ordiziako Sareren arabera, orain arte «Amets, amarekin eta aitarekin egon da Picasesenteko espetxean, Valentzian». Idoia eta semea «uneoro egon dira elkarrekin haurra jaio zenetik, eta aitak eta hirurek elkarrekin egoteko aukera ere izan dute, astean bizpahiru alditan, euskal presoek jasaten duten espetxe erregimen berezian izan bada ere». Aurrerantzean, «amaren familiarekin biziko da haurra», Ordizian, 600 kilometroko distantziak banatuta eta gurasoak «Picassenten geldituko dira, sakabanaketa politikaren eraginez, semearengandik, familiarengandik eta jaioterritik urrun».
Hori dela eta, «Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez (Ametsen aita), Euskal Herriko kartzelaren batera ekartzea» eskatzen du Sarek, «humanoa, oinarrizkoa eta ezinbestekoa» dela uste baitute. Horrez gain, «haien eskubidea, eta ez hori bakarrik, Ametsen eskubidea ere» badela nabarmendu dute. Horrela, «semeak amarekin duen harremana ez litzateke hain modu bortitzean etengo eta harreman afektibo hori lagungarri izango luke haurrak bere garapenean». Gainera, «familia harremana ez litzateke moztuko eta errepideko arriskuak izugarri murriztuko lirateke».
- Idoia Mendizabalen eta haren semearen egoera salatuko dute Ordizian
- ‘Motxilaren umea’ film pedagogikoa