Ormazabal eta Maroto, mendi festak kateatuta
Xabier Ormazabal eta Jon Moroto mendizaleak gogoratzeko mendi festa egin dute aurreneko aldiz Urretxun, Lizeoko jolastokia topaleku hartuta. Era berean, mendizaletasun bultzatzeko Xabier Ormazabal Bekaren aurkezpen publikoa egiteko ere baliatu
Xabier Ormazabal eta Jon Moroto mendizaleak gogoratzeko mendi festa egin dute aurreneko aldiz Urretxun, Lizeoko jolastokia topaleku hartuta. Era berean, mendizaletasun bultzatzeko Xabier Ormazabal Bekaren aurkezpen publikoa egiteko ere baliatu dute eguna, Labeaga aretoan.
Goizean eskalada herrikoia egin dute boulderrean –94 partaide izan dira–, eta Sebas Velasco, Josu Maroto eta Ander Martinez margolariek irudi bana margotu dute Lizeoko patioko hormetan. Bi mendizaleen irudiak osatu dituzte, tartean irudi orokor bat txertatuz. Haurrentzako parketxoa ere egon da, eta baita taberna zerbitzua ere. Egunerako apropos egindako elastikoak ere saltzen aritu dira.
Urola bailara irabazle desafioan
Arratsaldean eskalada desafioa egin dute Deba eta Urola bailaren artean. Puntako eskalatzaileak elkartu dira; hala nola, Mikel Linazisoro, Aitziber Urrutia, Miriam Mulas, Josu Viejo, Ander Mendieta, Esther Cruz, Gorka Karapeto eta Erik Molina herritarra, besteak beste. Alex Txikon mendizale ezaguna aurkezle zela, ordu laurdeneko lau txandetan aritu dira lanean eskalatzaileak, eta lau blokeak osatuta Urolakoak atera dira garaile (68-64). Euria ez dute lagun izan, eta nahiz eta olanapean aritu, hezetasunak eta bustiak haien zeregina zaildu du.
Iluntzean, Xabier Mendizabal Beka aurkeztu dute Labeaga aretoan, eta segidan Alex Txikon alpinistaren eta Gorka Karapeto eskatzailearen mendi-proiekzioak ikusi ahal izan dituzte bertaratuek.