Osasunaren alde, erreleboak emanez
Ohitura osasuntsuak bultzatzeko lasterketa antolatu du La Salleko ikasle talde batek. Hirunako taldeetan erreleboak egingo dituzte. Bihar da, 18:00etan, Gernika pasealekuan
La Salle ikastetxean Sein proiektuak ikasgaiaren barruan, ongizatearekin eta elkartasunarekin lotutako proiektuak lantzen dituzte. DBH3 mailako Oier Aiestaran, Jennifer Lopez, Eduardo Soares, Iratxe Aldasoro eta Leire Berasategi boskoteak osatutako taldeak, ohitura osasuntsuak bultzatzeko lasterketa antolatu du, bihar, 18:00etarako. Gernika pasealekuko bidegorrian.
Bigarren edizioa da aurtengoa eta hainbat aldaketa egin dituzte. Batetik, hirunako taldeak osatu eta erreleboka ariko dira. Horrez gain, «talde bakoitzak erakunde baten alde korrika egingo du, eta bukaeran, argazkia aterako dute oroigarri bezala», nabarmendu dute. Besteak beste, Caritas, Gurutze Gorria, Atzegi, Super H, Baltistan erakundeek hartuko dute parte La Salleko ikasleen proiektuan. Lasterketak irauten duen bitartean, «inguruan standa jarriko dute erakunde desberdinek informazioa emateko».
Hiru maila
Hiru maila bereizi dituzte: umeak (7-12 urte artekoak), nerabeak (13-17 urte arteoak) eta helduak (18 urtetik gora). Izena emateko sein3.9@lasallebeasain.net posta elektronikora idatzi behar da, izen-abizenak eta adina zehaztuz. Doakoa da.













