Gaztetxearen 15. urteurrena ospatuko dute ekainean
Urretxuko gaztetxeak 15 urte bete ditu eta egitarau zabala prestatu dute urteurrena ospateko. Ekitaldiak joan zen astean hasi ziren, Kalegorrian zikloko lehen saioarekin. Hilaren 28a arte, hainbat ekitaldi egongo dira.
Urretxuko gaztetxeak 15 urte bete ditu eta egitarau zabala prestatu dute urteurrena ospateko. Ekitaldiak joan zen astean hasi ziren, Kalegorrian zikloko lehen saioarekin. Hilaren 28a arte, hainbat ekitaldi egongo dira.
Atzo, urteurrenaren inguruko prentsaurrekoa eman zuten. “Gaztetxea ez da gazteon aisialdirako lekua bakarrik. Izan ere, herri mugimendua oinarri hartuta herrian gune alternatibo bat sortzea dugu helburu. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinesten dugun guztiontzako topagune bat izan dadin nahi dugu”.
15. urteurrena mugarri garrantzitsua dela uste dute. Hori dela eta, gaztetxean lan egin duten belaunaldi ezberdinen arteko harremana sendotzeko eta elkarrengandik ikasteko elkartruke saioak antolatu dituzte. “Ezinbestekoa da nondik gatozen jakitea nora joan nahi dugun erabakitzeko”.
Azken urbebete honetako jardunari dagokionez, lantalde asko sortu direla azpimarratu zuten. “Asanbladaren eguneroko lana berrantolatu dugu, borroka bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko. Emaitza bikainak eman ditu aldaketa horrek eta ziur gaude aurrerantzean taldeak egonkortu, indartu eta zabaldu egingo direla. Oraingoz, hauek dira martxan dauden lantaldeak: elikadura burujabetza, bertso eskola, feminismoa, gizon taldea, KKinzona irrati librea, sinismen zaharra eta komunikazioa. Interes, behar edota borroka gehiago identifikatu ahala, lantalde berriak sortzea espero dugu. Urteurreneko ekitaldian lantalde bakoitzak bere jardunaren nondik norakoak azalduko ditu, parte hartzeko gogoa duen edonori gerturatzeko gonbidapena luzatzeko”.
Apirilean lapurreta jasan zutela ere gogoratu zuten. “Kalte ekonomiko esanguratsua eragin zigun. Hala ere, lapurreta bat ez da gai gure jarduna gelditzeko, dirua ez baita gaztetxea mugitzen duen erregaia. Guztion indarrak batuta aurrera egin dugu eta egingo dugu. Izan dadila urteurrena gaztetxea elikatzen duten ideia eta ametsen ispilu. Azken finean, urteurrena ospakizuna da, baina eguneroko lanak eta borrokek hauspotzen dute gaztetxea. Guk, Errekaleorreko kideek bezala, argi daukagu herri mugimendua oztopatu nahi dutenen aurrean denon elkartasuna eta parte hartzea direla utopia eraikitzen jarraitzeko giltza. Horregatik animatu nahi zaituztegu ekaineko ekintzetara gerturatzera eta, zergatik ez, urte osoan zehar gure bidelagun izatera ere bai”.
Horra hor egitaraua:
Asteartea 6: 22:00etan, Zineku.
Ostirala 9: 17:00etan haurrentzat jolasak eta 22:00etan kontzertuak (Karmxutra eta The Frankys).
Larunbata 10: 10:00etan 3×3 saskibaloi txapelketa eta 22:00etan bertsio/playback gaua.
Asteartea 13: 18:00etan serigrafia tailerra eta 22:00etan Zineku.
Asteazkena 14: 22:00etan Gazteak kalean dokumentala.
Ostirala 16: 19:00etan GinKUna.
Larunbata 17 (urteurren festa): 13:00etan pilota txapelketako finala, 14:30ean bazkaria eta ondoren Samba Dzanga, Nafarroa 1512, ekitaldia, Los Zopilotes Txirriaos, Autobus Majikoa eta DJ Loro.
Asteartea 20: 22:00etan Zineku.
Osteguna 22: 19:00etan esperientzia elkartrukea.
Ostirala 23: 30ean sorgin gaua eta ondoren guatekea.
26an, 27an eta 28an auzolana.
Asteartea 27: 22:00etan zineku.
Asteazkena 28: 19:00etan Traka-Trakak girotutako elikadura burujabetza festa.