Nazioarteko merkatuetan zabaldu eta bezeroei "irtenbide osoak, berritzaileak eta lehiakorrak" eskaintzea du helburu. CAF, Irizar, Ampo, Orkli eta Jaso bezalako enpresa indartsuak daude tartean.
Goierriko industria arloko 33 enpresak eskaintza bateratua egingo dute nazioarteko merkatuei begira.
Goierri Valley izena jarri diote
Get Goierri proiektuaren jarraipena den egitasmo horri. CAF, Ampo, Irizar, Orkli, Indar eta Jaso bezalako enpresa indartsuek bat egin dute, hainbat enpresa txiki eta ertainekin batera, mundu mailan eskaintza bateratua eta konponbide globalak eskaintzen dituen talde bezala agertzeko.
Gaur aurkeztu dute egitasmo berria Beasaingo Igartza jauregian, Goieki garapen agentziako eta eskualdeko enpresa nagusietako ordezkariak bertan zirela. Orkliko Jose Luis Perez izango da elkarte berriaren zuzendaria. Bertan azaldu dutenez, Goierriko lanpostuen %50 inguru industria sektorean dago, eta tasa hori munduko 10 herrialde industrializatuenetan (Txina, Errusia, Alemania, India, Brasil, Italia, Japonia, AEB, Erresuma Batua eta Frantzia) baino handiagoa da. Langabezia tasa ere Gipuzkoako batazbestekoa baino txikiagoa da Goierrin. Industria arloari dagokionean, metal eta mekanika arloko aktibitatea da nagusi eta lanpostuen %78 eskualdeko hamar enpresa nagusietan banatzen da. Enpresa gehienak ordea,
pyme-ak edo enpresa txiki eta ertainak dira.
2012tik datorren proiektua
Goierri Valley proiektua gaur aurkeztu badute ere, 2012an abiatutako gogoeta batean du jatorria. Goieki garapen agentzia eskualdeko hainbat eragile ekonomiko eta enpresarialekin biltzen hasi zen, elkarren esperientzietatik ikasi eta elkarlanean proiektuak aurrera ateratzeko. 2015ean, elkarlan horren lehen fruitua aurkeztu zuten, Get Goierri egitasmoa. Bertako enpresek merkatuak dibertsifikatzeko zuten beharretik sortu zen, bertako enpresen jakintza, esperientzia eta teknikak elkarbanatzea helburu hartuta.
Elkarlan hori indartzen joan da urteotan, eta orain anbizio handiagoko “etapa berri bat” irudikatu nahi izan dute, enpresa gehiagotara zabalduz.
5.800 langile
Goierri Valley talde berrian parte hartuko duten 33 enpresek duten langile kopurua.?Goierriko enpleguaren %50 industria sektorekoa da, eta lanpostu horien %78 eskualdeko hamar enpresa nagusietakoak dira.
33 enpresa
Goierri Valley aliantza berrian eskualdeko 33 enpresa daude:
Aitzgorri, Ampo, Anurr, Arrano, Arri,?CAF, Ederfil Becker, Elkar, Engitools, Eredu, Eun,?Fundalum, Get?Subsea,?GH, Goieki, Goilaser, Graficas San Martin, Gune, Hine, Imeguisa, Indar, Irizar, Jaso, Juan Lasa, Kendu, Labe-Lan, Mikra, Ogei, Orkli, Pingon,?Transbiaga,?Urgain eta Usurbe.