Aitziber Osinalde legazpiarrak Espainiako Ultratrail Txapelketa irabazi du beteranoetan
Carlos Moran zegamarra lehena izan da 51 urtetik gorakoetan. Emakumezkoetan, Elena Calvillok hirugarren egin du.
Aitziber Osinalde korrikalari legazpiarrak Traveserako (Asturias) Ultratrail proba irabazi du asteburuan; emakumezkoen sailkapen orokorrean 5. bukatu zuen lasterketa, eta beteranoen mailan bera izan zen azkarrena. Lasterketa horretan Espainiako Txapelketa zegoen jokoan, eta legazpiarrak titulu hori ere gehitu dio bere palmaresari. Proba berean, Elena Calvillo beasaindarrak hirugarren postua lortu du, hark ere beteranoetan (sailkapen orokorrean 9.a izan da). Gizonezkoetan berriz, Carlos Moran zegamarrak sailkapen orokorreko 25. postuan bukatu zuen eta lehena izan zen 51 urtetik gorakoen artean. Traveserako ultratrail proba Asturiaseko Picos de Europa mendikatean egiten dute; 74 kilometroko ibilbidea du eta 13.000 metroko desnibel metatua. Aitziber Osinalde Kulumspot Team taldean ari da, eta sarietan lortzen duen dirua, erretinosi pigmentarioaren ikerketa laguntzeko erabiltzen du, gaitzaren inguruko kontzientziazio lana egiteaz gainera.