Buztuntzako jaietako ikurrinen albistearen harira
Asteburuan Buztuntzako jaietako ikurrinen harira sare sozialetan piztu den eztabaidaren harira, Goierriko Hitzak honakoa adierazi nahi du:
1.- Buztuntzako jaietako ikurrinen argazkiak whatsapp bidez bolo-bolo zabaltzen ari ziren, eta guri ere hala iritsi zitzaizkigun. Bitxikeria zela ikusita, horren inguruko albiste bat egitea erabaki genuen, esan bezala, bitxikeria moduan eta inori (ez antolatzaileei, ez Ordiziako Udalari, ez EAJri) inolako kritikarik egiteko intentziorik gabe. Uste dugu aipatutako albistean ez dagoela horretarako motiborik ematen duen ezer.
2.- Egia da Ordiziako EH Bilduk idatzitako txio edo tweet bat bertxiotu genuela, eta onartzen dugu mezu hori zabaltzea ez zela egokia izan, ikurrinen anekdotaz harago, bestelako kritika politikoa ere egiten zuelako. Horren aurrean, barkamena eskatzen diogu Ordiziako EAJ-PNVri eta minduta sentitu den edonori.
3.- Hori guztia esanda, argi utzi nahi dugu albiste hori ez dela izan Buztuntzako jaien inguruan argitaratu dugun albiste bakarra. Buztuntzako jaien inguruko albiste nagusi bat argitaratu genuen ostiralean, festen asteburuko egitarau osoarekin, Goierriko Hitzaren papereko edizioan eta webgunean, eta egun berean zabaldu genuen sare sozialetan. Larunbatean ere, eguneko ekitaldien berri eman genuen beste albiste batean, bai webgunean eta bai sare sozialetan.
4.- Goierriko Hitza eskualdeko euskarazko egunkaria da, eta bere betebeharra eta helburua herrietako informazioa euskaraz eta modu zuzenean ematea da, gizarteko eragileei tokia eginez eta inorekin lerratu gabe. Uste dugu Goierriko Hitzak egin dituen 13 urteko ibilbidean egunez egun frogatu dugula hori, informazio oro ahalik eta modurik objektiboenean emanez. Ez genuke nahi gertaera isolatu honek Ordiziako Udalarekin eta EAJrekin dugun harremana hondatzerik. Gure ekimena euskararen normalizazioaren aldekoa da, eta bide horretan, orain arte bezala, bat eginik jarraituko dugula espero dugu, elkarri ahotsa eta babesa emanez.
Beasainen, 2017ko ekainaren 12an.