Aralarko 2015-19 plangintza beste eragile batzuekin osatzeko eskatu du EH Bilduk
EH Bilduren zazpi ordezkariek ikuspegi gehiago jasotzeko eskatu diote Mankomunitateari. Aranzadi zientzia elkarteari parke naturalaren kudeaketa-plan osoa eskatzeko ere galdegin du
EH Bildu koalizioak Enirio-Aralarko Mankomunitatean dituen zazpi ordezkariek —gobernatzen duten udalerrien izenean— hainbat eskaera eta gomendio egin dizkiote elkargoari, Aralarko azpiegituren, plangintzaren eta pista-proiektuen inguruan sortu den «krispazio giroa» gainditzen lagunduko dutela iritzita. Enirio-Aralarko Mankomunitateak onartuta daukan 2015-2019 agintaldiko plangintzan beste «ikuspegi eta begirada» batzuk ere sartzeko eskatu du.
Gogoratu du indarrean dagoen plangintza hori abeltzainen eta artzainen parte-hartzearekin diseinatu zela, «eta beraien beharrak eta ikuspegia jasotzen dira planean». Baina «beste hainbat eragile eta adituren iritziak eta proposamenak» ere jaso beharko lirateke, EH Bilduren aburuz, ohar batean zabaldu duenez. «Eskaera hau sinatzen dugunon ustez, plan horretan jasotzen diren behar zein ikuspegiak osatu egin beharko lirateke». Ez du zehaztu zein eragilek parte hartu beharko luketen proposamen egite horretan.
Idatziaren sinatzaileak zazpi dira, denak EH Bilduko alkate edo zinegotziak: Ataun, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibiako ordezkariak Goierrikoak, eta Amezketa, Ikaztegieta eta Orendaingoak Tolosaldekoak. Horietako zenbait ordezkarik pistak eraikitzearen alde bozkatu dute Mankomunitateko batzarretan.
Plana osatu, ez ordezkatu
Mankomunitateari aurkeztu dion idatzian —asteartean erregistratu zuten eskaera, Ordiziako Udalean—, EH Bilduko ordezkariek argi utzi dute asmoa ez dela 2015-2019 plangintzaren ordezko bat egitea, «baizik lehen egindakoak proposatzen dituen aktuazioen inguruko beste begirada batzuk ere gehitzea, Aralarko kudeaketa integrala diseinatzeko bermeak sortzeko».
Proposamen «denak» jaso ondoren, «eztabaida eraikitzailea» garatzeko prestasuna ere agertu dute. «Gaur egun dauden baino adostasun zabalagoak eraikitzea» da helburua, EH Bilduren esanetan. «Benetan uste dugu adostasun zabalagoak lagunduko lukeela gaur egungo krispazio giroa gainditzen, eta ondorioz sektore guztientzat onuragarria izango litzateke. Badakigu ez dela ariketa erraza izango, baina ahalegina egiteko prest gara».
Plangintza integral eskaera
Mankomunitatearen lehendakariari, bestetik, ezohiko zuzendaritza batzarra lehenbailehen deitzeko eskatu dio Bilduk, idatzi berean. Gai bat jarri du ko- alizioak bileran lantzeko: Mankomunitateak enkarga diezaiola Aranzadi Zientzia Elkarteari Enirio-Aralar parke naturalaren kudeaketa integralerako plangintza-proposamen bat egitea, agintaldirako. «Ikuspegi estrategikotik, parke naturaleko jarduera sozioekonomiko iraunkorren sustapena eta baliabide naturalen kontserbazioa» kontuan hartu beharko lituzkeela erantsi du.
Enirio-Aralarko Mankomunitatearen Zuzendaritza Batzordeak, bere aldetik, ohiko bilera egingo du asteazkenean, 19:00etan, Ordiziako udaletxean. Gai-zerrendan, bigarren puntuan dago Enirio-Igaratza pista eraikitzeko azterketen berri ematea, eta gauzatzeko tramiteak onartzea. 2017ko inbertsioen berri ere emango dute, eta 2016ko diru-kontu likidazioa.












