Zumarragarrek jaietako lehen asteburua ospatuko dute
Zumarragarrek jaietako lehen asteburua ospatuko dute. Ekitaldi nagusiak igandean izango dira: Haurren eguna eta arte eta eskulangintza azoka. Aurten jaietako lehen asteburuak eta sanjoanek bat egin dute. Ostiralean San Joan
Zumarragarrek jaietako lehen asteburua ospatuko dute. Ekitaldi nagusiak igandean izango dira: Haurren eguna eta arte eta eskulangintza azoka.
Aurten jaietako lehen asteburuak eta sanjoanek bat egin dute. Ostiralean San Joan bezpera izango da. 20:45ean bandak eta txistulari taldeak kalejira egingo dute eta 22:00etan sua piztuko dute plazan. Larunbatean (12:00etatik 21:00etara) eta igandean 09:00etatik 12:00etara), KAR elkarteak irrati emanaldiak egingo ditu Antioko zelaian.
Igandean Haurren eguna ospatuko dute. 11:00etan alkateak alkate txikiari agintaritza emango dio eta azken honek pregoia irakurriko du. Aurten, alkate txikia Eider Garcia Rajado izango da. Ekitaldi honetan bertso eskolako gaztetxoek parte hartuko dute. Ondoren, Irrintzi taldeko gaztetxoek dantza saioa egingo dute eta haur jolasak egongo dira Zelai Arizti pilotalekuan.
16:30ean haur danborradako konpainiak La Salle-Legazpi ikastetxeko jolastokian elkartuko dira. Danborrada 17:30ean abiatuko da. Eskoletako haurrekin batera, bandak, txistulariek, musika eskolako ikasleek eta Urolatarrak eta Deiadar txarangek parte hartuko dute.
Baina ekitaldi guztiak ez dira haurrei zuzenduak izango: 10:30etik 14:30era arte eta eskulangintza azoka egingo dute Euskadi plazan, 11:00etan plater-tiroketa egingo dute Oñatin, 11:15ean pintxo lehiaketako sariak banatuko dituzte plazan, 12:30ean Gure Txoko jubilatuen egoitza inauguratuko dute, 13:30ean musika bandak kontzertua egingo du plazan, 19:45ean Goiargi abesbatzak kontzertua egingo du mertzedariatar lekaimeen elizan eta 20:30ean Jose Mari Orbegozoren eskolakoek saloi dantzen erakustaldia egingo dute Euskadi plazan.
Datorren astea
Datorren aste hasieran ere hainbat ekitaldi egongo dira. Astelehenean, 16:30etik 19:30era, 6 urtetik gorakoek zaldiz paseatzeko aukera edukiko dute Zelai Arizti parkean.
Asteartean, asteazkenean eta ostegunean, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, haur parketa eta txu-txu trena egongo dira plazan. Gainera, 18:30ean apar-festa egingo dute.
Horretaz gain, asteartean, 19:00etan, testu irakurketa eta olerki errezitaldia egingo dute Antio interpretazio zentroan. Eta ostegunean, 19:30ean, ezpata-dantzari buruzko dokumentala aurkeztuko dute Zelai Arizti aretoan.
Aurreko asteburu honetan ere ez dira ekitaldi faltan egon Zumarragan. Ostiralean eta larunbatean pintxo lehiaketa egin zuten. Pintxo onenaren saria Monterrey tabernak irabazi du eta originalenari dagokiona Berri tabernak.
Bestalde, larunbatean Musti Mujikaren oroimenezko partida jokatu zuten eta Eitzako skate parkea inauguratu zuten. Mujikaren oroimenezkoa Urolako eta Realeko beteranoek jokatu zuten, beti bezala. Reala nagusitu zen, 0 eta 1. Talde txuri-urdinean Santi Bakero, Larrañaga eta Fuentes aritu ziren, besteak beste.