Ingeniaritza ikasleen 'sumobotak' lehian
Mondragon Unibertsitateko Goierri Campusa lehia berezi baten lekuko izan da gaur. Ingeniaritza ikasleek egindako sumobotak elkarren aurka aritu baitira borrokan, makinarik onena norena den jakiteko. Sumobotak 25 kilotik gorako eta 500×400 milimetro baino txikiagoko robotak dira, eta sumo kirol japoniarrean bezala, arerioa dohyo edo joko zelaitik atera araztea da helburua.
Goierriko eta Arrasateko campusetako ikasleak aritu dira lehian Ordizian, eta denak ere, ikasturte hasieratik aritu dira robotak prestatzen. Taldeka banatuta, guztira 10 sumobot egin dituzte, lau Goierriko Campusean eta beste sei Arrasatekoan. Hain zuzen ere, Arrasateko taldeetako batek irabazi du lehia; Joseba Danboriena, Mikel Gallastegi, Xabier Gastañares, Mikel Izagirre eta Aitor Lizarralde dira taldekideak.
Aitor Zuriarrain proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, “azken asteotan orduak eta orduak” pasa dituzte lanean ikasleek eta “motibazioa oso altua” dela dio; “proiektu zorrotza da baina oso motibatuta aritzen dira”. Gehien kostatzen zaiena hasiera dela azaldu du: “definizioan zentratu eta diseinatzen hasteko, bukaeran lortu nahi dutenaren ikuspegi zehatz bat izatea da gehien kostatzen zaiena”. Zailtasun teknikoak, beraien lanarekin eta irakasleen laguntzarekin gainditzen dituztela dio.