Bihar eta ostegunean ere greba egingo dute, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko eta «enpresa hitzarmenaren negoziazio prozesuan udalak eta kiroldegia kudeatzen duen Masquatro enpresak udalekuen zerbitzua azpikontratatzea erabaki dutelako».
Antzizar kiroldegiko langileek lehenengo greba eguna dute gaur –bigarrena bihar eta hirugarrena ostegunean–, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko eta «enpresa hitzarmenaren negoziazio prozesuan udalak eta kiroldegia kudeatzen duen Masquatro enpresak udalekuen zerbitzua azpikontratatzea erabaki dutelako». Gaur hasi dira udako udalekuak eta lehenengo greba egunagatik kiroldegia itxita egon denez, Loinazpe ikastetxean elkartu dira haurrak.
ELAren esanetan, «dagoeneko azpikontratatuta dagoen zerbitzu bat azpikontratatzeak prekarietatea areagotzea dakar, langileei gutxiago ordainduz zerbitzua merketu eta kalitatea gutxitzea». Era berean, erabaki horren atzean «langileon negoziazio ahalmena murrizteko borondatea dago, begirale berriak kontratatzeaz gain zerbitzua emateko hain egokiak ez diren beste instalazio batzuk erabiliko baitituzte, Loinazpe institutua adibidez».
Erantzuleen jarrera
Greba deialdiaren aurrean «egoera honen erantzuleek izan duten jarrera» ere salatu nahi du ELAk. «Batetik, Beasaingo Udala, badirudi arazo honek ez duela zerikusirik beraiekin, negoziazioa enpresaren gain utzi nahi dute, eta ELAtik langileok egindako bilera eskaerei erantzunik ere ez digute eman». Sindikatuaren ustez, «zerbitzu publikoen atzean ardura politikoak daude, eta kudeaketa azpikontratatzeak ez ditu arduradun politikoak erantzukizunik gabe uzten. Zerbitzuaren kalitatea, eta honenbestez, langileon duintasuna Udalaren ardura ere bada».
Bestetik, ELAk salatu duenez, Masquatro enpresak grebaren harira idatzitako oharrean, «errealitatearen kontakizun manipulatua» egin du, «erabiltzaileok langileon aurka jartzeko asmotan». Era berean,?«jakinarazpenean azpikontratazioaren mehatxua udako udalekuetatik urte guztira zabaldu dute, enplegua sortzen dela diote, baina zer gertatzen da egungo langileekin? Nolako enplegua da sortu nahi dutena?».
Mobilizazioak
Bihar eta ostegunerako hainbat mobilizazio antolatu dituzte.
- Bihar: 11:30ean elkarretaratzea azokan eta 16:00etan auto karabana.
- Ostegunean: 11:00etan prentsaurrekoa udaletxe azpian, 17:30ean auto karabana, 18:30ean elkarretaratzea udaletxe azpian eta 19:00etan udal plenora joango dira.