Irati Zubizarreta beasaindarra, Zumaiako helmugan besoak jasota // Argazkia: Flysch Trail
Irati Zubizarreta korrikalari beasaindarrak Zumaiako Flyscheko maratoi erdia irabazi du, junior mailan. 21,5 kilometroko ibilbidea 1:51:59ko denboran osatu zuen atzo, bigarren egin duen Maria Beringuesi 8 minutu eta 12 segundoko aldea aterata. Junior mailako nesken podiuma Laia Aguilar kataluniarrak osatu du.
Espainiako Txapelketa ere bazegoen jokoan Zumaiako proban, eta titulu garrantzitsua lortu du Zubizarretak, euskal selekzioarekin.
Helduetan, podiumeko bi postu
Senior mailan, Maider Gaztañagak ere podiumeko postua lortu zuen. Hirugarren egin zuen ordiziarrak, 1:48:53ko denbora eginda; Alizia Olazabal irundarra izan zen irabazlea. Gizonezkoetan ere, Imanol Oiarbide ordiziarrak hirugarren bukatu zuen, ibilbidea 1:39:33ko denboran osatuta; lehen saria, Jokin Lizeagak eraman zuen.
Mendi maratoiari dagokionean, Carlos Moran zegamarra izan da podiumeko postua lortu duen bakarra, beteranoen mailan. Hark ere hirugarren postua lortu du, 42,2 kilometroko ibilbidea 4:39:20ko denboran eginda.
- Zumaiako Flysch Trail probako argazki gehiago, Baleike.eus webgunean