Ordiziako azoka, turisten asteazkenetarako plana
Uztaileko eta abuztuko azoketan, asteroko postuetako saltzaileekin batera, turista ugari ibiliko dira Ordiziako azokan. Izan ere, D’Elikatuz zentroak uztailaren 1ean ekingo dio turismo denboraldiari, eta San Sebastian Region egitasmoarekin duten hitzarmenaren barruan, Donostian dauden turistak trenez eta autobusez bideratuko dituzte Ordiziako feriara.
Ordiziako azokan, informazio puntu bat jarriko dute, plazaren aldamenean, “asteazkenetan datozen bisitariengandik gertuago” egoteko. Betran, Ordiziako Azokako Ibilbidearen edota ‘Ordiziako Azoka, zentzumenentzako oparia’ esperientzia turistikoaren inguruko informazioa emango dute. D’Elikatuz gunean ere Goierriri buruzko informazio turistikoa emango dute; astelehenetik ostiralera (10:00-13:00 eta 16:-19:00) eta asteburu eta jai egunetan (11:00-14:00 eta 16:00-19:00) egongo da zabalik.
Trenez eta autobusez
Donostia aldeko turistak Ordiziara eta Idiazabalera erakartzeko, txartel bat argitaratu eta hotel eta turismo bulegoetan banatu dute. Bertan, garraio publikoa erabiliz Gipuzkoaren barrualdea ezagutzeko gonbitea luzatzen zaie bisitariei. Trenez Ordiziako azoka eta D’Elikatuz zentroa ezagutu dezakete aurrena, eta ondoren, autobusez, Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa eta gaztandegi bat bisitatzeko aukera izango dute.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo sailak San Sebastian Region Bus izeneko autobus zerbitzua jarri du martxan. Zerbitzu horrek, Gipuzkoa ezagutzeko bi ibilbide proposatuko dizkie turistei, bat kostakoa eta bestea barrualdekoa. Azken hori, larunbatetan iritsiko da Ordiziara.