Bi hirigintza lan hasi ditu Lazkaok kaleetan, eta beste bat ireki du
Kaleko obra aktibitatea ugaritu egingo da egunotan, Lazkaon. Lehendik martxan diren Iturgaitzagako eta San Inazio-Areso zubiko lanei, beste hiru gehituko zaizkie. Gurutze auzoan, 1 eta 6 dorreen parean Agauntza erreka aldeko zatia berritzen atzo hasi z...
Kaleko obra aktibitatea ugaritu egingo da egunotan, Lazkaon. Lehendik martxan diren Iturgaitzagako eta San Inazio-Areso zubiko lanei, beste hiru gehituko zaizkie. Gurutze auzoan, 1 eta 6 dorreen parean Agauntza erreka aldeko zatia berritzen atzo hasi ziren. Gaur, berriz, Areso kalean ekingo diete lanei. San Prudentzioko urbanizazio berrikuntza ere martxan jarri du udalak, lanen esleipen deialdia eginda.
Gurutzeri dagokionez, ibai alboko pasealekua eta kalea berrituko dute, bai zorua, bai lurpeko azpiegiturak: argiteria sarea, ur sarea eta saneamendua. Argi berriak ipini, eta dorreen arteko bide, aparkaleku eta espaloiak egokitu eta berrantolatuko dira.
Lan horiek Iparragirre, Iturriotz eta Orsa enpresen elkar-goari eman dizkio udalak. Sei edo zazpi hilabete iraungo dute obrek, eta zatika burutuko dituzte. «Lanen eragina ahalik eta murritzena izatea nahi da, bizilagunei garajeetara sarbidea ahalik eta gutxien oztopatzeko eta aparkalekuetan eraginik txikiena sortzeko», esan du udalak.
Areso kalean, berriz, 24 eta 26 atarien artean —Erosle eta Domarda dauden plazaren parean— espaloia berrituko dute. Lurra hondoratuta dago, eta koskak kendu eta maila berean utziko dute eremua. Gaur hasiko da lanean Sasoi enpresa, 29.964,55 euroko aurrekontuarekin.
San Prudentzion hurrena
Udalak, bestetik, ostiralean argitaratu zuen San Prudentzio auzoko 15-23 zenbakien artean kalea berritzeko lanen kontratazioaren lehiaketa-deialdia. Lizi- tazioko prezioa 280.403 eurokoa du obrak, gehi horri dagokion BEZa (58.884 gehiago). Beherantz hobetu ahalko dute lehiaketara aurkezten direnek.
Uztailaren 6ra arte dute eskaintzak aurkezteko epea.













