Uztailaren 7tik 9ra jokatuko dira Ehunmilak, Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi. Ia 1.200 korrikalarik eta 1.500 boluntariok hartuko dute parte
Iñaki Uribe-Etxebarria, Eneritz Toledo, Aitor Aldasoro, Andoni Zubeldia eta Imanol Muñoz.
Astebete besterik ez da falta zortzigarren Ehunmilak edizioa hasteko. Gaur egin dute Igartzako jauregian aurkezpen ofiziala, aurtengo boluntarioen elastiko ofiziala jantzita dutela. Herritarrek jakinmina izaten dute boluntarioen elastikoaren koloreak jakiteko, eta gaur eguerditik ofiziala da dagoeneko: berdea izango da. Berdez jantzita ibiliko dira beraz, Ehunmilak proiektuarekin bat egiten duten 1.500 boluntarioak, hiru probetan parte hartuko duten ia 1.200 korrikalariei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzen.
Asteburu garrantzitsua izaten da Ehunmilena Beasaintzat, Goierrirentzat eta Gipuzkoarentzat. Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, «lasterketa bat baino gehiago da, herri oso bat mugitzen duelako». Arlo soziala ere lantzen duela uste du, «Atzegikoak lanean aritzen dira eta berdintasunaren aldetik ere, urratsak ematen ari dira». Aurten, adibidez, entrenamendu bereziak egin dituzte eta arropetan ere ahalegin berezia egin dute.
Eneritz Toledo Gipuzkoako foru aldundiko turismo teknikariak, eskerrak eman nahi izan dizkie Ehunmilen antolatzaileei, «lasterketa bat baino gehiago turismo ekitaldi bat delako». Goierriko, Gipuzkoako eta Nafarroako ostatuetako logela gehienak beteta egoten direla nabarmendu du. «Bisitarien perfila gainera, oso garrantzitsua da: laguntzaileekin etortzen dira eta beste urte sasoien batean errepikatu egiten dute», gaineratu du Toledok.
Errotuta
Euskal Herriko Mendi Federeazioko Iñaki Uribe-Etxebarriak nabarmendu duenez, «zeharo errotuta dago Euskal Herrian eta nazioartean ere ari da pixkanaka. Euskal herriarentzat pozgarria da kirola eginez, gure herria ezagutzera ematea». Arrasateko Ternua enpresak aurten ere bat egingo du Ehunmilak probarekin, kamisetak eta lasterketa bukatzen dutenentzako txamarrak eginez. Ternuako ordezkariak, Imanol Muñozeren esanetan, «harro» daude «mendia eta natura maite dutenak babesten».
Errekorra
Aurkezpenean hitza hartzen azkena Andoni Zubeldia Ehunmilak Ultra Trail antolakuntza batzordeko kidea izan da. Zubeldiak aurreratu duenez, zortzigarren edizioan inoiz baino korrikalari gehiagok hartuko dute parte; 1.189 korrikalarik. Mundu zabaleko 16 herrialde desberdinetako kirolariak elkartuko dira egunotan Beasainen. Korrikalarien segurtasuna bermatzea da antolatzaileen helburu nagusietako bat eta Zubeldiak aurreratu duenez, aurten G2Hko korrikalariak ere, EHM-koek bezala, geolokalizadorea izango dute, eta momentuoro korrikalariak non doazen jakingo dute antolatzaileek eta sendiartekoek. Horrekin batera, «Gurutze Gorriarekin elkarlanean, larrialdietako medikuekin 360 orduko asistentzia» bermatuko dutela jakinarazi zuen; «lasaitasuna da guretzat», gaineratu du. Webgunearen bidez, lasterketen zuzeneko jarraipena egiteko aukera izango da.
Zubeldiak eskerrak eman nahi izan dizkie babesleei eta boluntarioei, «beraiek gabe ez litzatekeelako berdina izango».
Ordutegiak
- Ehunmilak. 168 kilometro. Ostiralean, 18:00-etan abiatuko da Beasaingo plazatik Erauskin plaza aldera. Irabazlea, larunbatean, 17:30ak aldean iritsiko da. 409 kirolarik eman dute izena; 20 emakumezkoak.
- G2H. 88 kilometro. Ostiralean, 23:00etan abiatuko dira 515 lasterkariak (37 emakumezko) plazatik Ordizia aldera. Irabazlea, larunbatean, 09:10ak aldera iritsiko da.
- Marimurumendi. 42 kilometro. Igandean, 09:00etan abiatuko dira 265 korrikalariak (47 emakumezko) plazatik, San Inazio kaletik barrena. Irabazlea, 12:30ak alderako iristea aurreikusten da. sari banaketa Igandean. Beasaingo plazan, 18:00etan.