25. sagardo dastaketan ere jendetza elkartu da Mutiloan
Bihar eta etzi ere festak jarraituko du.
Mutiloako San Pedro jaien barruan, ekitaldi nagusienetakoa burutu da gaur iluntzean: 25. sagardo dastaketa. Pilotalekua jendez gainezka izan da berriro ere, eta bertaratu direnek, Gipuzkoako eta Goierriko 25 sagardo dastatzeko aukera izan dute.
Zilarrezko ezteiak ospatzeko, kamiseta, lepoko eta edalontzi bereziak egin dituzte mutiloarrek; elastiko berdeak eta zapi gorriak. Pilotalekuko paretetan, 25 urteko sagardo dastaketaren bilakaeraren argazkiak ikus zitezkeen.
Oilasko erreak jan ondoren, Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia izango da Mutiloan. Taldeak 40 urte bete dituela eta, Mutiloako Udalak oroigarria eman zieten Joselu Anaiak taldekoei.
Bihar eta etzi ere festak jarraituko du
Bihar, eguerdian, bazkaldu aurreko poteoa egin ondoren, 14:30ean, gazte bazkaria egingo dute. 17:00etan, umeentzako jolasak, merienda eta DJ Oianxiniren saioa izango dira. 21:00etan, berriz herri afaria eta ondoren Inguma eta Hell Readers.
Igandean, Segurako txistularien goiz eresiaren ondoren, 11:00etan, bola lehiaketa, 11:30ean meza nagusia, 12:00etan umeentzako puzgarriak, 12:15ean Gabiriako Goruntz taldearen dantza saioa, 12:30ean txakolin dastaketa eta Miren,Agur eta Oier trikitilariak izango dira. Arratsaldean, berriz, herri kirol erakustaldia: Iñaki Azurmendi eta Ugaritz Mugertza, Joseba eta Unai Otaegi aizkolarien aurka, eta Xabier Aranburu Guzta harri jasotzailea.