Zegamarrek Aizkorriko Lagunen Eguna ospatuko dute igandean
Zegamarrek 18. Aizkorriko Lagunen Eguna ospatuko dute igandean. Mendi irteerak, San Adrianera bisita gidatua, antzerkia eta hegaluze eta sagardo dastatzea antolatu dituzte. Lehenago, bihar bertan, Gipuzkoako mendi orientazio proba egingo dute. Mapa bat...
Zegamarrek 18. Aizkorriko Lagunen Eguna ospatuko dute igandean. Mendi irteerak, San Adrianera bisita gidatua, antzerkia eta hegaluze eta sagardo dastatzea antolatu dituzte. Lehenago, bihar bertan, Gipuzkoako mendi orientazio proba egingo dute. Mapa baten laguntzarekin, denbora jakin batean puntu gehien ematen dituzten balizak aurkitu beharko dituzte.
Igandeko ekitaldiei dagokienez, 06:30ean Zegama-Aizkorri-Zegama mendi irteera egingo dute, herriko plazatik abiatuta. 07:30ean, berriz, San Adrian-Aizkorri-San Adrian irteera egingo dute. Aldaolako aparkalekutik irtengo dira. Bi irteeretan Amezti mendi elkartekoek egingo dituzte gidari lanak.
Bi mendizale taldeak Aizkorriko tontorrean elkartuko dira, 09:30ean. Cavarekin topa egingo dute eta taldeko argazkia aterako dute.
Horrenbeste ibili nahi ez dutenentzat, beste irteera bat antolatu dute: 10:30ean Aldaola aparkalekuan elkartuko dira eta handik San Adrian igarolekura joango dira gida batekin. Ordu erdiko ibilaldia da.
Mendizaleek 11:15ean Urrup antzerki taldeak igarolekuan bertan egingo duen saioaz gozatuko dute. Urrupeko aktoreek San Adriango igarolekuaren historia antzeztuko dute.
Bukatzeko, 12:30etik 15:00etara Eusko Labeldun hegaluzea eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da Zegamako plazan.
Aizkorriko Lagunen Eguna 2000. urtean antolatu zen lehenengoz. Zegama eta Aizkorri oso lotuta daude eta zegamarrek kanpotarrek Aizkorri herriarekin lotzea nahi zuten. Izan ere, Aizkorriko gailur gehienak Zegamako lurretan daude.













