Aizkorriko Lagunen Egunak 120 lagun bildu ditu
Urteroko ohitura jarraituz, Aizkorriko Lagunen Eguna ospatu zuten atzo, Aizkorri-Aratz parke naturalean. Ospakizunen artean, gizateriaren ondare den San Adrian edo Leizarrateko pasabidearen historia biltzen duen antzezlana egin zuten Urrup antzerki taldekoek. Hamaika pertsonaien arteko elkarrizketen bidez, “historikoki igarobide estrategiko honetan izan diren momentu garrantzitsuenak” berrikusi zituzten.
Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak eskerrak eman nahi izan dizkie Urrup antzerki taldeari, zailtasun ugari dituen gune hori “antzezpen taula bihurtzeagatik eta ikusleak aho zabalik izan dituen antzezlana” sortu dutelako. Ekitaldian parte hartu zuten musikariei ere esker ona agertu diete, eta baita Gipuzkoa aldetik nahiz Araba aldetik joandako 120 lagunei ere, “hutsik zegoen kobazuloa bizitzaz betetako gune” bihurtu zutelako.