Ataungo 6. Gau Ibilaldi Mitologikoa uztailaren 15ean egingo dute
Ataungo kontu eta esaunde zaharrak, jentilen eta sorginen kondairak biltzen dituen gau magikoa bueltan da. Uztailaren 15ean egingo dute 6. Gau Ibilaldi Mitologikoa Ataunen. Iluntzearekin batera eta suziz lagunduta, euskal mitologiako pertsonaia ugari ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan.
San Gregorio auzoan dagoen Barandiaran Museoa izango da elkargune. 19:00etatik 20:30era zabailk egingo da, eta bisita gidatuak egingo dituzte errotara eta errotatxoko zerrategira. Ondoren, bi taldetan abiatuko dira, aurrenekoa 20:30ean eta bigarrena 21:00etan. Bidean zehar, Sara etxea, Perune-zaharra baserria eta beste hainbat leku ikusiko dituzte; ibilaldia San Martingo eliza parean bukatuko da.
Ibilbidean zehar zazpi antzezlan egingo dituzte: Joxe Arratibelen ipuinak, Barandiaran gure arima, Erremedioko bainuetxean, Zegamarrak eta ataundarrak tekelan, Marixor eta sorgiñek, Izugarrien ipuina eta bukaerakoa. Lamiak, jentil erraldoiak, Torto eta San Martin txiki, Marimunduko eta beste hainbat pertsonaia eta izaki harrigarri ikusteko aukera ere izango da.
Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatutako ekitaldia da. Informazio gehiago jentilenetorrera.eus webgunean aurki daiteke.
Aurrez ez da izenik eman beharko. San Martindik San Gregoriora joateko autobusa jarriko dute, 19:00etan.