Ion Izagirreri ebakuntza egin diote eta bukatutzat eman beharko du denboraldia
Larunbatean Frantziako Tourreko aitzin etapan erorikoa izan eta lasterketa utzi behar izan zuen Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak. Gaur Bahrain-Merida taldeak jakinarazi duenez, gerriko haustura du eta ebakuntza egin diote; hamar bat egun egin beharko ditu Düsseldorfeko ospitalean. Gainera, denboraldi honetan errepidera itzultzea “oso zaila” izango duela azaldu dute; honenbestez, aurtengo helburueri agur esan beharko die ormaiztegiarrak.
Tourreko lehen etapa erlojupeko proba zen, euria egin zuen eta errepidea bustita zegoen. Bihurgune batean irrist egin eta erori egin zen Izagirre; beste hainbat txirrindulari ere erori ziren etapa berean. Berehala eraman zuten ospitalera, Luca Pollastri Bahrain-Merida taldeko medikuak lagunduta. Taldeak bere atsekabea agertu du, Ionek ezingo duela Frantziako Tourrean jarraitu ikusita, eta taldeburu bezala atera zela kontuan izanda. Bahrain-Meridarentzat “galera handia” dela azaldu dute.