«Legazpiko gaztetxeen mugimendu guztia laburbiltzen saiatu gara»
Xabier Aztiriak (Legazpi, 1994) Sergio Prietorekin batera egin du gaztetxearen historia jasotzen duen bideo lana. Legazpiko matadero zaharrean irekitako gaztetxeak 20 urte ...
Xabier Aztiriak (Legazpi, 1994) Sergio Prietorekin batera egin du gaztetxearen historia jasotzen duen bideo lana. Legazpiko matadero zaharrean irekitako gaztetxeak 20 urte bete ditu. Apirilean egin zituzten urteurrena ospatzeko ekintzak, festa egun baten bilduta. Egun horretan estreinatu zuten Legazpiko gaztetxea XX urte mataderon izeneko dokumentala ere. Aztiriak esan duenez Legazpin gaztetxearen inguruan egon den mugimendu guztia laburbiltzen saiatu dira lan honetan.
Nola sortu zen dokumental hau egiteko ideia?
Legazpiko Gazte Asanbladan (LGA) sortu zen ideia. Gaur egungo gazteek, belaunaldi berriek, ez zekiten nondik zetorren gaztetxeen mugimendua eta horregatik, gure gaztetxearen historia dokumentu grafiko batean jasota edukitzea nahi zen.
Hau da egin den gisa honetako lan bakarra?
Ez. Aurretik kuartel zaharrean ireki zen gaztetxearen 10. urteurrenaren harira egin zen beste dokumental bat. Baina ez zegoen beste ezer. Oraingo lan honetan Legapiko gaztetxeen mugimendu guztia laburbiltzen saiatu gara. Hasi kuartela okupatu zeneko garaietatik eta gaur arte. Erraz ikusteko lana da, dinamikoa.
Nondik jaso duzue lana egiteko informazioa?
Era batera edo bestera Legazpiko gaztetxeen mugimenduan parte hartu duten pertsonekin elkarrizketak grabatu ditugu. Aurretik eginda zegoen beste dokumentala ere informazio iturri garrantzitsua izan da. Argazki zaharrak, gaztetxeko aktak… ere bildu ditugu.
Zein izan da lanik zailena?
Lanari berari gorputza ematea, muntaketa lana, azken batean. Beldurra genuen informazio aldetik motz gelditzea, edo emandako informazioa koherentea ez izatea. Zailtasun handiena Legazpin egon diren gaztetxe ezberdinen zikloak harilkatzea izan da, zentzua ematea.
Gustura zaudete emaitzarekin?
Kritika onak izan ditugu, eta dokumentalak jada 1.600 ikustaldi ditu Youtube-n. Helburua egungo gazteei mugimendua nondik datorren erakustea zen, jendeak kontzientzia hartzea nahi genuen. Orain, gaztetxeak berriz ireki ditu ateak, agian zerikusia izan du dokumentalak.