Aralarren ikuspegi orokorra. Arg.: Mikel Albisu
Aranzadi zientzia elkartea bere kabuz egiten ari den Aralarko parke naturaleko plangintza-txostenak Enirio-Aralarko Mankomunitatearen 2015-19 inbertsio planean ez duela aldaketarik eragingo ziurtatzea ez da adostu batzarkide guztien artean, EH Bilduk argitu duenez. Gaur, ohar batean, ukatu egin du koalizioak horrelakorik adostu izana, asteleheneko batzarrean.
Mankomunitateko presidente Jose Miguel Santamariak, herenegun, positiboki baloratu zuen batzarreko bi mozioak alboratu izana, eta Aranzadik txostena bukatutakoan Mankomunitateak «aztertuko» duela esan arren, aurreratu zuen ez duela inbertsio plana gauzatzea baldintzatuko, «Mankomunitateko ordezkari guztiok hala adostuta».
EH Bilduk erantzun dio horrelakorik ez dela «inon» adostu. «Are gehiago, Aranzadiren txostena aztertuko denez, ulertzen dugu lehendakariak borondate argia adierazi beharko lukeela egoki ikusiko liratekeen moldaketekin kudeaketa-plan adostuago bat onartzeko».
Haserrea eta nahasmena sortzen duten «hitzekin eta ekintzekin» bukatu, eta «ekarpen eraikitzaileagoak» egiteko baldintzak sortzeko eskatu du EH Bilduk.