Beasaingo Udalaren esanetan, «ikerketa sakonagoek ziurtatzen ez duten artean, ezin daiteke ondorioztatu errekan gertatutakoa igerilekuko urak eragin duenik soilik».
Hainbat bizilagunek eman dute abisua. Arrain ugari hilda agertu dira Oria ibaian, Beasainen. Antzizar kiroldegiaren atzealdetik Igartzako zubi alderaino ikusi dituzte.
Udalaren esanetan, «goizean zehar herritar batzuk udaletxera deitu zuten esanez Igartzako jauregiko zubiaren inguruan zenbait arrain hilik agertu zirela eta usain txarra zegoela». Hori dela eta, aldundiko teknikari bat eta Ur agentziako bi ikuskatzaile kiroldegira joan dira gertatutakoa aztertzera.
Izan ere, gaur goizean bertan kanpoko igerileku ertaineko uraren isurketa bat izan da. Dena den, udalaren esanetan, «ikerketa sakonagoek ziurtatzen ez duten artean, ezin daiteke ondorioztatu errekan gertatutakoa igerilekuko urak eragin duenik soilik». Udalaren prentsa oharraren arabera, «diputazioko teknikariaren hitzetan, beroak, errekan ur gutxi egoteak eta isuritako igerilekuko urak kloro altua izateak eragina izan dezakete».
Isurketa igerileku ertainean
Igerileku ertaineko isurketaren harira, udalak zehaztu duenez, «goizeko lehenengo orduan, igerilekuetako mantenuaren ardura duen langilea uraren parametroak aztertzean ohartu da udako igerileku ertainak kloroaren maila altua zela. Arrazoia aztertu ondoren, gauean dosifikagailua matxuratu eta kloro gehiegi isuri dela igerileku honetan ikusi du». Auto-babes plana jarraituz, «ura berritzeari ekin dio, igerilekuaren zati bat hustu eta sareko ura sartuz.?Guztira 30 metro kubiko isuri ziren 07:00etatik 07:40era».