Goierri Rallyesprintaren 2017ko ekitaldiko diru-txekea ematen, gaur, Lazkaoko antolatzaileak, Aspanogiren lehendakaria eta udaleko ordezkaria./Aimar Maiz
Martxoan jokatu zen IV. Goierri Rallyesprintak utzitako diru etekina gaur arratsaldean eman diote antolatzaileek Aspanogi elkarteri, minbizia daukaten haurren familien Gipuzkoako elkarteari. Guztira, 9.703,59 euro bideratu dizkio antolakuntzak, aurtengo diru irabazi guzti-guztia. Esker oneko, eta hitz hunkigarriekin eskertu du Aspanogiko Bittor Andonegik elkartasuna.
Diru horrekin, Aspanogik bere eginbeharrak eta betebeharrak egiten segiko duela agindu du Andonegik. “Zoritxarrez, gau egun oraindik beharrezkoak zaizkigu diru laguntzak, familiei zerbitzu onenak eman ahal izateko”.
Ekarpen ekonomikoaz gain, Lazkaoren berotasuna bereziki eskertu ditu Aspanogiko eledunak: “Jendeak ekitaldi bat antolatzerakoan eta nori lagundu erabakitzerakoan pentsamendua gugan jartzeak oso pozik jartzen gaitu. Minbizia borrokatzen energia asko erretzen dugu, eta kanpotik jasotako solidaritate eta berotasun hori asko eskertzen dugu. Pentsamenduak errealitatea aldatzen du. Bihotzez, eskerrik asko”.
Goierri Rallyesprintaren antolatzaileek iragarri dute 2018an 5. ekitaldia izango dela. Eta helburu solidarioa izango du hark ere, “eta dirua beste elkarteren batentzat izango da”. Aspanogik, bere aldetik, laguntzeko prestasuna erakutsi du –elkarteko kideek boluntario eta laguntzaile lanak egin zituzten, martxoko rallyan–, “nahiz eta dirua beste norabait bideratu”.