Aurtengo berrikuntza nagusiek kirol kontrolarekin, segurtasunarekin eta lasterketen jarraipenarekin lotuta daude. Geolokalizagailua eramango dute bi proba nagusietan
«Trilogiarik jendetsuena». Izen eta abizen horrekin bataiatu dute zortzigarren edizioa Ehunmilak ultra-trailaren antolatzaileek. Ia 1.200 korrikalari elkartuko ditu aurtengo probak Beasainen uztailaren 7, 8 eta 9an, hiru lasterketak kontutan hartuta. Ehunmiletan goraka doa parte-hartzea –aurten 409–, baina ez da mugara iritsi. Goierriko Bi Handiak –515, 28 ordutan– eta Marimurumendi –265– probetan, aldiz, lehen hilabetean bete ziren izen-emateak.
Aurtengo berrikuntza nagusiek ingurumenarekin, kirol kontrolarekin, segurtasunarekin eta lasterketen jarraipenarekin dute zerikusia. Lehenari dagokionez, hondakinak gaika sailkatzeko edukiontziak jarri dira anoa-guneetan, eta horiek egokitzeko neurriak hartu dira nutrizionista baten laguntzaz.
Kirol kontrola, zorrotz
Iazko udazkenean aurreratu zuten antolatzaileek, eta hala egin dute. Aurten, kirol kontrola ziurtatzeko pertsona espezializatuak jarriko dituzte hainbat puntutan, korrikalariek kanpoko laguntzarik jaso ez dezaten ez anoa-guneetan eta ez lasterketan zehar ere. Horrez gain, korrikalariei derrigorrezko materialaren kontrolak egingo dizkiete.
Osasunari erreparatuz, Ehunmilen antolatzaileak ahalegin berezia egiten ari dira korrikalarien osasuna bermatzeko. Larrialdietako 20 mediku espezialista egongo dira ibilbidean.
Geolokalizazioa bi probetan
Orain arte Ehunmilak ultra-traileko korrikalariak soilik geolokalizatzen ziren GPS bidez, eta aurtengo Goierriko Bi Handietako 515 partaideek ere eramango dute. Lasterkariren bat jarraitu nahi duenak
Ehunmilen webgunearen bitartez egin dezake.
Antolatzaileen atari digitalean ez ezik, Beasaingo Loinazko San Martin plazan jarriko duten pantaila erraldoian zuzeneko edo streaming bidezko irudiak ikusi ahal izango dira, gunerik interesgarrienetakoak. Maraton Radio izango da aurten Ehunmiletako irrati ofiziala, eta #radiotrail irratsaio espezializatuan 30 ordutik gorako zuzeneko kontakizuna egingo du hiru hizkuntzatan; euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Aurten ere UTMB Mont-Blanceko ultra-trailerako puntuagarriak izango dira Beasainen hasi eta bukatuko diren hiru probak: Ehunmilek 6 puntu, Goierriko Bi Handiek 5 puntu eta Marimurumendik 2 puntu.
1.189 lasterkari
Ehunmilak ultra-trailaren barrenean jokatuko diren hiru proba batuta, asteburuan Beasainen bilduko den lasterkari kopurua.
%9, 6 emakumezkoa. Parte-hartzaile kopurua osoaren ia %10a emakumezkoa izango da.
16 herrialde. Aurtengo edizioak 16 herrialdetako korrikalari eta kazetariak bilduko ditu.
1.500 boluntario. Boluntario kopuruak urtez urte hazten jarraitzen du.
EHUNMILAK
· Kilometroak. 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa.
· Partaideak. 409. Emakumezkoak 20.
· Irteera-helmuga. Ostiralean, 18:00etan. Lehen korrikalaria larunbatean, 17:00ak aldean, iritsiko da helmugara. 48 ordu dituzte lasterketa amaitzeko.
GOIERRIKO BI HANDIAK
· Kilometroak. 88 kilometro eta 6.500 metroko desnibel positiboa.
· Partaideak. 515 (beteta). Emakumezkoak 37.
· Irteera-helmuga. Ostiralean, 23:00etan atera, eta irabazlea larunbatean, 09:00ak aldera iristea aurreikusten da. 22 orduko epea dute lasterketa amaitzeko.
MARIMURUMENDI
· Kilometroak. 42 kilometro eta 2.300-ko desnibel positiboa.
· Partaideak. 265 (beteta). Emakumezkoak 57.
· Irteera-helmuga. Igandean, 09:00etan abiatuta. Irabazlea helmugan 12:30ak aldera.