‘Sanferminak’ Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan
Carlos Mediavilla argazkilari urretxuarrak Iruñeko San Fermin jaiak maite ditu eta festa horiek bere herrira ekartzea erabaki du: sanferminetan ateratako argazkiekin erakusketa ireki behar du gaur, 19:00etan, Juan de Lizarazu
Carlos Mediavilla argazkilari urretxuarrak Iruñeko San Fermin jaiak maite ditu eta festa horiek bere herrira ekartzea erabaki du: sanferminetan ateratako argazkiekin erakusketa ireki behar du gaur, 19:00etan, Juan de Lizarazu aretoan.
Hilaren 23ra arte, Juan de Lizarazu aretoan sartzen direnek munduko festa ospetsuenen zurrunbiloan murgilduko dira. Izan ere, Mediavillak sanferminak primeran ezagutzen ditu eta argazkilari bikaina da: sanferminekin lotutako hainbat lehiaketa irabazi ditu. Gainera, sanferminetako musika jarriko du.
Bisitariak Iruñeko alde zaharrean daudela sentituko dute, baina zezen batek harrapatzeko arriskurik gabe eta txiza usainik gabe.
Mediavillak 28 argazki jarriko ditu. Guztiak tamaina handikoak. 25 irudi 50×70 zentimetro-koak dira eta beste hiru handiagoak. Horietako bat, erraldoia. Zezen plazan ateratako argazki horrekin sanferminetako argazki lehiaketa nagusia irabazi zuen eta irudia Gaztelu plazan egon zen ikusgai urtebetez.
Erakusketan entzierroa, parranda giroa, balkoiak, txupinazoa, La Mañueta txurro denda, Gaixoa ni ekitaldia, zezenketak… ere ageri dira. «Entzierroan korrikalarien keinuak eta begiradak harrapatzea gustatzen zait. Txupinazoko argazkiek ere indar handia dute. Bestalde, zezenketetako argazkiak difuminatu egiten ditut, odola gorroto baitut», azaldu du.
Aurtengo plana
Aurten ere, egunero joango da sanferminetara. Dagoeneko erabaki du nondik aterako dituen biharko txupinazoko argazkiak. «Goizean goiz udaletxe azpiko estatua baten atzean jarriko naiz. Estatua horren eskua tripode bezala erabiliko dut».
Entzierroan ere argazki berezi bat ateratzeko asmoa du. «Kamera hesian utziko dut eta argazkia urrutiko agintearekin aterako dut. Nire asmoa zezenaren argazkia behetik gora ateratzea da. Urrutiko agintea duen kamerari esker, bestela atera ezin daitezkeen argazkiak ateratzen ditugu. Santa Isabel jaietan, adibidez, kamera aldareko eskai- leretan jarri nuen. Dantzariak niri dantza egiten ari zirela dirudi».
Pilota txapelketako finalera eta errekortadoreen txapelketara ere joateko asmoa du. Mediavillak sanferminak maite ditu eta iruindarrek Mediavilla eta bere argazkiak maite dituzte. Lehiaketa asko irabazi ditu eta horrek ate asko ireki dizkio. Iruñean lortu duen ospeari esker, toki onenetan argazkiak ateratzen uzten diote.
Gainera, lagun asko egin ditu. «Modu onean eskatuz gero, jendeak ateak irekitzen dizkizu. La Mañueta txurro dendakoak, adibidez, oso ondo portatzen dira. Familia horretako kideek urtean zehar beste lan batzuk dituzte eta txurroak sanferminetan bakarrik egiten dituzte». Mediavillaren argazkiko txurroek itxura bikaina dute. Usaindu egin daitezke ia. Gora San Fermin!