Adur Mendizabal: «Nire lasterketa egin eta gozatu egin nahi dut, argi dut hori»

Adur Mendizabal zaldibiarra iaz, helmugan sartzen. Bigarren egin zuen EHM proban. // Argazkia: Ina Olaizola
Eta G2Hn? Zein izango duzu erreferentzia edo jarraitu beharreko arerio nagusia?
Nire lasterketa egitera aterako naiz, hori garbi daukat. Azken urteetan hori egiten saiatu naiz, nire lasterketa egin eta ahal den neurrian disfutatu. Besteen lasterketa egitera joanez gero, boleto asko daude gero gaizki bukatzeko. Egia da zentzu horretan aldatzen ari dela lasterketa. Lehen ez zitzaion postuari horrenbeste begiratzen. Horregatik nahiago dut denborei eta postuei begiratu gabe nire lasterketa egiten eta neure buruarekin gustura gelditzen saiatu.
Prestakuntza ezberdina izango da batean edo bestean atera, ezta?
Berez agian bai, baina nire kasuan aurreko urteetakoaren antzeko prestaketa egin dut, lasterketa handi bat egitea dudalako buruan. Aldaketa hori dela eta, egia da aurten beranduago hasi naizela, eta oraingoz ordu edo kilometro gutxiago ditudala hanketan. Eta askotan ahaztu egiten zaigu, baina urte batzuk daramatzagu honetan, eta denbora horretan egindako lana ere hor dago beti.
Euskaldunak eta Goierriko jendea ere aipatu dituzu. Inguruan gero eta maila handiagoa dagoela ikusten da, ezta?
Asko ikusten da bai! Eta Ehunmilakek lortu duena da Beasain bezalako herri batean jendeak mendirako joera gehiago hartzea. Zaldibian-eta beti joan izan gara mendira, baina Beasain bezalako herri handiagoek kultura gutxiago izan dute mendirako, eta horretan asko aldatu da. Jende asko ikusten da korrika, eta mendi aldera entrenatzera joaten.
Lehendik ere ondo ezagutzen duzun proba da G2H. Horrek ere asko egingo du.
Ni normalean ibiltzen naizen lekuak dira, eta ondo ezagutzen dut ibilbidea. Ez dakit hoberako edo okerrerako den hori, ze ezjakintasun batean ibiltzea ere gustatzen zait, askotan leku ezagunean buruak ere lan handia egiten duelako. Baina egia da bidea ezagutzea indarrak neurtzeko behintzat ondo etortzen dela.
Gainontzean, aurten nola dator denboraldia? Zein helburu duzu Mont-Blanceko Ultra-Trailari begira?
Horretan zentratuta nago aurten erabat. Gainera badut arantza bat sartuta, aurreko urteetan nekatuta iritsi naizelako, eta proba luzea ondo egin nahi dudalako. Iñaki Catalanekin harreman handia dut, eta erabaki genuen biok proba hori egingo geneula aurten, arantza hori kentzeko ere. Irailean izaten da, eta horrek denboraldia asko luzatzea ekartzen du; gainera abuztuan zaindu egin behar duzu, eta entrenatzen jarraitu, eta urtero horrela aritzea gogorra da. Aurten hori egin eta bukatu egin nahi dut, arantza hori atera eta ahaztu. Gainera oso zirkuito polita da, eta saiatuko naiz gozatzen.
Aurreko urteetan fisikoki astindua hartuta bukatu duzula esan duzu.?Aurten zer sasoitan zaude?
Neguan mendian asko ibili naiz eta eskia ere asko egin dut. Zegamarako hasi ginen korrika eta prestakuntza aldetik-eta ondo nago. Uztailera korrika egiteko gogoarekin iristea gauza handia da, eta alde horretatik gustura nago aurten.












