Ehunmilak probako korrikalariak hasi dira dortsalak jasotzen
Hogeita lau ordu baino gutxiago falta dira Ehunmilak proba hasteko, eta parte-hartzaileak hasiak dira lasterketarako dortsalak jasotzen. Dozenaka boluntario –aurten elastiko berdearekin– elkartu dira Gernika pasealekuko frontoian, korrikalariei harrera egin eta materiala banatzeko. Dortsalez gain, motxilak ikuskatu, txipa jarri eta arropa eta informazioa banatu diete.
Aurten aldaketak egin dituzte dortsalak hartzeko mahaietan; proba bakoitzeko ilara bat antolatu dute, pilaketak ekiditeko asmoz. Asko izan dira, ordea, lehen ordurako dortsalaren bila joan direnak, batez ere, EHM probakoak. Atzerritar ugari daude dagoeneko Beasainen; Kenichi Yamamoto korrikalariarekin batera, zazpi kazetari etorri dira Japoniatik.
Urtero bezala, Beasain izango da korrikalarien eta ikusleen bilgune nagusia. Bihar arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira Ehunmilak ultratrail probakoak, eta 23:00etan G2H trailekoak. Irteera eta helmuga puntua, Beasaingo plazan izango da.
Denak eguraldiari begira
Bero handia egiten du gaur Beasainen, baina iluntze parterako aldaketa iragarri dute. Ekaitzaren ondorioz euria egin dezake eta tenperaturak behera egingo du. Astebururako ere giro nahasia iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. Bihar zerua estalita egongo da, eta zaparradak bota ditzake, batez ere arratsaldetik aurrera.