Legazpiko Zero Zabor taldeak udalaren jarrera «arduragabea» dela salatu du
Errefus kopuruaren igoera da «kezkagarriena» taldearen esanetan
Legazpiko udal gobernuak jakitera emandako birziklatzearen gaineko datuen harira erantzuna eman du Legazpiko Zero Zabor taldeak. Udalak 2016an baino 29.000 kilo hondakin gutxiago sortu direla zioen ohar hartan. Zero Zabor taldeak udal gobernuaren hondakinen kudeaketarekiko jarrera «arduragabea eta kezkagarria» dela diote.
Udalak emandako datuetan aurtengo eta iazko lehen bost hilabeteetako datuak alderatzen dituztela diote, «aurten sortutako datuak guztira 29.000 kilo direla esan dute, datu zuzena 26.642 kilo da, baina 2015eko lehen bost hilabeteekin alderatuz gero, 64.160 kilo gehiago dira aurten sortutakoak».
Datuen interpretazio «egokiagoa» egin dutela azaldu dute Zero Zabor taldekoek, «Sasietako teknikariek dioten moduan bost hilabete gutxi dira konparaketak egiteko eta orokortasunari eta joerari begiratu behar zaio».
Errefusaren igoera da Zero Zabor taldekoen arabera «kezkagarriena». Kopurua 2014koa baino gorago kokatzen dela diote, «aurtengo estimazioan 33 tona gehiago izango dira eta ondorioztatzen duguna da berrerabili nahiz hondakinak gutxitzeko pausuak beharrezkoak direla uste dugu, eta urrats horiek ez direla ematen».
Pozteko arrazoirik ez
Errefus kopuruak azken urteetan gora egin duela diote, %27,34 eta «ekonomikoki zein ekologikoki hondakinik garestiena» dela diote.
Udalak aurrez egindako datuen irakurketan, berriak «onak» zirela zioen. Alabaina, Zero Zaborretik datuokin «ezin gara poztu» adierazi dute, «Udalak ere ez luke hala egin behar eta ez luke %79ra igotzea ospatu behar bere garaian %83ari eusteko konpromisoa agertu zuelako».
Zero Zabor taldeak udal gobernuari «hondakinen kudeaketa arduratsu eta garbi bat egin dezan» eskatu dio, «materialen berrerabiltzea eta hondakinen gutxitzea bultzatzeko, baita gaikako bilketa hobetzeko ere».