Marimurumendi mendi maratoiak hirugarren edizioa du . Igandean 09:00etan abiatuko dira 265 korrikalariak Beasaingo plazatik Usurbera; horietatik 47 emakumezkoak dira
Andrea Garai eta Ainhoa Lendinez elkar besarkatuta sartu ziren iaz helmugan // Argazkia: Tere Madinabeitia
Hirugarren eta azken proba izaten da Marimurumendi mendi maratoia; igandean, 09:00etan, Loinazko San Martin plazatik San Inazio kaletik barrena abiatuko dira 265 korrikalariak, 42,195 kilometro osatzeko helburuarekin (2.300 metroko desnibel positiboa).
Korrikalariak berehala hasiko dira aldapan gora, Usurbera bidean. Handik Agortara jaitsi eta Murumenditik barrena, Pagorriagatik Mandubiara jaitsiko dira. Berriz ere gora ekin beharko diete korrikalariek Kizkitzara igotzeko lehendabizi eta ondoren, lasterketako punturik gorenena, Izazpira, heltzeko. Itzulerakoan, Kizkitzatik Arriaran auzora jaitsi, eta urtegi ondotik Agortara igoko dira berriz, plazara iristeko.
Lehenengo korrikalariak 12:30ak aldera iritsiko dira helmugara. Lasterkariek, gehienez, zortzi orduko epea dute lasterketa amaitzeko. Dortsalak larunbatean 18:30etik 20:00etara edo igandean 07:00etatik 08:00etara jaso ahalko dituzte.
Nesken kopuruak gora
Azkeneko proba izanagatik, ez da emozio gutxiagokoa izaten. Hirugarren edizioa du aurten, eta aurreko bi urteetan, batez ere emakumezkoen lasterketaren amaiera hunkigarria bizi izan da helmugan. Lagun giroa islatzen duten irudiak utzi ditu Marimurumendik. Iaz, Andrea Garai eta Ainhoa Lendinez elkar besarkatuta sartu ziren helmugan. Igandean biek hartuko dute parte.
Aurten gainera, emakumezko korrikalarien kopurua aipagarria da Marimurumendin, 265 lasterkarietatik 47 izango baitira andrazkoak, iaz baino 16 gehiago. Kopuru horretan gora egiteko helburuarekin, aurten entrenamendu bereziak egin dituzte Jon Aranburu prestatzailearekin, mendi lasterketetara gerturatzeko proba egokia baita Marimurumendi.
Iaz errekorra
Denborei begiratuz gero, lasterketa azkarra izaten da Marimurumendi. Iaz, errekorra hautsi zuen Aritz Egeak, Iker Zurutuzaren denbora 10 minutuan hobetuz. Emakumezkoen errekorra,?Itziar Andueza beasaindarrak dauka. Aurten ez da Egea Beasainen izango eta faboritoen artean Iñaki Uribe-Etxebarria, Alex Bautista eta Urko Valdivielso daude gizonezkoetan. Emakumezkoetan, aldiz, Garai eta Lendinezekin batera, Oihana Arratibel ordiziarra, Laida Elizegi zaldibiarra eta Irene Guembe. Anduezak ere ez du parte hartuko igandean.
265
mendi lasterkari. Marimurumendi mendi maratoiaren 3. ekitaldian 265 lagunek hartuko dute parte: 218 gizonezkok eta 47 emakumezkok.
Euskal herritarrak. Gehienak euskal herritarrak dira: 164.
Horietatik 142 gizonezkoak, eta 22 emakumezkoak. Gipuzkoakoak 112, Bizkaikoak 27, Arabakoak 18 eta Nafarroakoak 7 dira.
Estatu mailakoak. Estatutik 97 korrikalari izango dira Marimurumendi maratoian: 74 gizonezko eta 23 emakumezko. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak, 54: Balear Uharteak (14) Bartzelona (13), Castello (3), Girona (3),?Tarragona (11) eta Valentzia (10). Gaztela-Mantxa (9), Madril (13), Kanariak (5), Andaluzia (1), Gaztela eta Leon (2), Errioxa (1), Galizia (4), Asturias (3), Kantabria (2) eta Aragoi (2) dira beste herrialdeak.
Estatuz kanpokoak. Estatutik kanpoko lau atleta ere irteera puntuan izango dira: frantziar eta poloniar gizonezko bana, eta portugaldar eta ingeles emakumezko bana.
IAZKO PODIUMA
Gizonezkoak
1. Aritz Egea ……………………. 3:31:30
2. Iñaki Uribe-Etxebarria …. 3:54:39
3. Alex Bautista ……………….. 3:55:47
Emakumezkoak
1. Andrea Garai ……………… 4:40:30
2. Ainhoa Lendinez ……….. 4:40:30
3. Araitz Irazu ………………. 4:44:09
ERREKORRAK
· Gizonezkoak: Aritz Egea (2016) …………….. 3:31:30
· Emakumezkoak: Itziar Andueza (2015) …. 4:37:23