Zumarragako langabetuei lana aurkitzen lagunduko die Ekimena proiektuak
Zumarragako hamabost langabetuk Ekimena egitasmoan parte hartzeko aukera edukiko dute. Proiektu honetan lana bilatzen ikasiko dute eta guztien artean guztientzat lana aurkitzen saiatuko dira. Egitasmoa atzo aurkeztu zuten, kultur etxean.
Zumarragako hamabost langabetuk Ekimena egitasmoan parte hartzeko aukera edukiko dute. Proiektu honetan lana bilatzen ikasiko dute eta guztien artean guztientzat lana aurkitzen saiatuko dira.
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten, kultur etxean. Aurkezpenean Mikel Serrano alkateak, Rosa Maiza zinegotziak eta Jabier Elizetxea Ekimena proiektuko arduradunak parte hartu zuten.
Helburua langabetuak lan merkatuan sartzea da, bai beraien enpresa sortuz, bai beste batentzat lan eginez.
Tailer honetan parte hartu nahi dutenek udaletxean eman behar dute izena, irailaren 9a baino lehen. 22-55 urte bitartekoek parte hartuko dute. Emakumeek eta langabezian urtebete baino gehiago daramatenek lehentasuna izango dute. Bestalde, parte hartzaileen %40 Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dutenetik irtengo dira.
Hamabost lagunek parte hartuko dute eta beste bost erreserban egongo dira. Ekimen parte hartzaile eta solidarioa izango da: langabetuek enpresa bat sortuko dute guztientzat lana lortzeko.
Zumarragako enpresa gehienak Argixao industrialdean daudenez, enpresa hau bertan kokatuko da. Tailerrak sei hilabeteko iraupena izango du. Elizetxeak metodologia berritzaileak erabiliko dituztela eta egitasmoaren ardatzak konfiantza, elkartasuna eta borroka direla esan zuen. «Langabetuak irtenbidea askotan bere inguruan du eta hori kontuan izango dugu. Bestalde, langabetuak prozesuko protagonista izan daitezen lan egingo dugu. Beraiek hartuko dituzte erabakiak».
Koordinatzailearekin taldekako eta banakako bilerak egingo dituzte, ekintzaileak izaten ikasiko dute, enpresak bisitatuko dituzte, sare sozialak erabiltzen ikasiko dute, beraien marka pertsonala landuko dute, beraien abileziak hobetuko dituzte…
Egitasmo honek 19.000 euroko aurrekontua du eta La Caixaren Gizarte Ekintzak 3.500 euroko laguntza eman du.
Serranok eta Maizak udala egiten ari den lan azpimarratu zuten. Ikerkuntza, garapena eta berrikuntza bultzatzen dituzten enpresei diru laguntzak ematen dizkiete eta orain langabetuei laguntzea erabaki dute.
Egun, 563 langabetu daude Zumarragan. Langabezia tasa %12,19koa da. «Azkenaldian %13 inguruan ibili gara. Iaz altuagoa izan zen Arcelorren itxieragatik, baina pixkana jaisten ari dela dirudi».
Dena den, Zumarragako langabezia tasa Gipuzkoakoa eta Goierri garaiko gainontzeko herrietakoa baino altuagoa da. Gipuzkoakoa %10,3 da, Urretxukoa %9,48, Legazpikoa %9,13 eta Ezkiokoa %6,45.
Gainera, zumarragarrek gainontzeko herrietakoek baino aukera gutxiago dute lana aurkitzeko. Zumarragako enpleabilitate indizea oso baxua da, Urretxukoa eta Legazpikoa ertaina eta Ezkiokoa oso altua.