Daniel Agirre nafarrak irabazi du Goierriko Bi Handiak, bigarren aldiz
Goizeko bederatziak eta laurden pasatxoak iritsi da Daniel Agirre korrikalaria (Caparroso, Nafarroa, 1977) Goierriko Bi Handiak ultratrailaren helmugara, 86 kilometro osatu ostean. 10:17:12 orduko denboran itxi du lasterketa, bart 23:00etan Beasaingo Loinazko San Martin plazatik abiatua. Iaz, estrainako G2Hn ere, Agirrek irabazi zuen. Bigarren bisitaldian, jaun eta jabe izan da.
Bigarren Mikel Etxeberria (Zumaia, 1983) iritsi da, 10:38:48 ordurekin. Iaz podiuma zapaldu zuen, eta 20 minutu jaitsi du orduko denbora. Pozik, baina ahituta helmugaratu da. Azken partean Agirre harrapatzen saiatu da, eta estutu bat eman dio liderrari.
G2Hren podiuma Gorka de la Horra elgoibartarrak osatu du (10:54:53). Atzetik aurrera eginez, azken kilometroetan lauzpabost postu aurreratu ditu lasterketan. Atzean utzi du Ander Zulaika mendaroar laguna, laugarren sailkatua (10:59:52).
Aurreneko goierritarra, 5. tokian, Adur Mendizabal zaldibiarra izan da. Iaz Ehunmilak egin ondoren, G2Hra itzuli da aurten. Sentsazio onekin amaitu du proba.
Arazo gutxi gauean
Gau ona izan dute, orokorrean, G2Hn eta Ehunmilaken dabiltzan korrikalariek. Tenperatuaz hotzik ez, eta iragarritako ekaitzik ere ez dute jasan beharrik izan. Euri eta langar pixka bat egin die, eta goizean behe-laino itxia izan dute Lizarrustitik Etzegaratera bitarteko pagadian.
Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, gauean ez da aparteko arazorik izan. “Lauzpabost bihurritu bakarrik, gainontzeko osasun arazorik gabe”.