Aizkorri Bizirik taldeak larunbatean jarriko du aterpeko ate berria
Aizkorri Bizirik taldeak dagoeneko prest du Aizkorriko aterperako ate berria, eta asteburuan jarriko dute auzolanean. Taldeko eta Amezti mendi elkarteko hainbat lagunen artean igoko dute atea; Oltzako bordetaraino kotxez joango dira, eta handik gora oinez. Hitzordua larunbat honetarako, hilak 15, jarri dute.
Atea altzairuzkoa da, eta pisu handia duenez, zatika eramango dutela azaldu dute. Markoak 72 kiloko pisua du, beheko ateak 55ekoa eta goiko ateak 35 kilokoa. Horrez gain, 10 bat zaku porlan (250 Kg) ere igoko dituzte; horiek ere zatitu egingo dituzte, pertsona bakoitzak gehienez 12 kiloko pisua eraman dezan.
Lan “gogorra eta neketsua” izango dela ohartarazu dute, eta guztira, 25-30 bat laguneko taldea beharko dutela. Horregatik, aurrez asistentzia baieztatzeko eskatu dute, Aizkorri Bizirik taldekoekin harremanetan jarrita.