Antzizar kiroldegiko langileek «akordioa lortu arte» mobilizazioekin jarraituko dute
Beasaingo Antzizar kiroldegiko langileek protestekin jarraitzen dute. Udalaren eta Masquatro enpresaren aldetik ez dutela ez jarrera aldaketarik ez proposamenik jaso diote, eta «akordioa lortu arte» mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute. «Grebaren ondoren ez dugu erantzun ofizialik jaso ez enpresaren eta ez udalaren aldetik». Negoziatzen jarraitzeko borondatea dute langileek, eta ELAk azaldu duenez, «deialdia formalizatu eta bilerara deitu» dute, baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Bilera deialdia hilaren 18rako egin dute. Aldaketarik ez balego, datorren astetik aurrera protestekin jarraituko dute.