Urolak senior mailako nesken taldea izango du datorren denboraldian
Urola kirol elkarteak emakumezkoen futbolaren aldeko apustua egin du eta datorren denboraldian bi talde berri edukiko ditu: futbol eskolakoa eta senior mailakoa. Orain arte bi bakarrik zituzten: haur mailakoa eta
Urola kirol elkarteak emakumezkoen futbolaren aldeko apustua egin du eta datorren denboraldian bi talde berri edukiko ditu: futbol eskolakoa eta senior mailakoa. Orain arte bi bakarrik zituzten: haur mailakoa eta kadete mailakoa.
Urolak futbol eskola eta senior mailako taldea beharrezkotzat zituen. Izan ere, haur mailako taldeak jokalariak lortzeko zailtasunak zituen eta kadete mailakoek beste talde batzuetara joan beharra zuten gazte mailara heltzen zirenean. Urolak katea osatu nahi zuen eta lortu egin du.
Futbol eskolan 2007, 2008 eta 2009an jaiotako neskek jokatuko dute. Dagoeneko bederatzik eman dute izena eta urriaren 4an hasiko dute denboraldia.
Senior mailakoa
Senior mailako taldeari dagokionez, asteartean jakin zen aurrera egingo zuela. Urolak futbolean jokatu nahi zuten 17 urtetik gorako neskak bilera batera deitu zituen eta hamar azaldu ziren. Beste bostek ere jokatzeko asmoa azaldu dutenez, egitas-moak aurrera egingo du. 18-19 jokalariko taldea edukitzea behar denez, Urolak gazteei taldean jokatzeko gonbitea luzatu die.
Hauek dira Urretxu eta Zumarragako taldean jokatuko duten hamabost gazteak: Ane Otaegi, Jone Arizmendi, Nerea Martin, Janire Lopez, Ane Pastrian, Ane Gutierrez, Irati Zubizarreta, Irati Bueno, Andrea Martin, Elene Lete, Itsaso Larrañaga, Irati Mujika, Leire Agirre, Goizane Irastortza eta Maria Bereziartua.
Gazteenak 17 urte ditu eta zaharrenak 24. Zazpi Urretxu eta Zumarragakoak dira, sei Legazpikoak eta bi Zaldibiakoak. Urolaren zuzendaritzako kideak oso pozik daude. «Neskak ilusio handiarekin etorri dira. Datorren denboraldi hau izango da zailena. Hurrengoan kadete taldeko 8 edo 9 neska pasako dira. Hori dela eta, taldearen etorkizuna bermatua dago», aipatu dute Marijo Maniega, Iñaki Aranzadi eta Juanlu Elizondo zuzendaritzako kideek.
Maniegak Seirak taldean jokatu zuen, Urretxu eta Zumarragan egon zen lehen nesken futbol taldean. Azken hiru hamarkadetan gauzak asko aldatu dira. «Garai hartan Urolak ez zuen nesken futbolaz ezer jakin nahi eta egun lau talde ditugu. Lan handia egin dugu eta oso pozik gaude, baina lanean jarraitu behar dugu neskek ilusioari eutsi diezaioten».