Ehiztarien herria
Zegaman ehiza zaletasun handia dago, usotarako toki ona baita. Hala, ehizarekin lotutako hainbat ekimen abian jarri dira. Bihar azoka egingo dute eta zegamar ...
Zegaman ehiza zaletasun handia dago, usotarako toki ona baita. Hala, ehizarekin lotutako hainbat ekimen abian jarri dira. Bihar azoka egingo dute eta zegamar batek txakurrei basurdeak ehizatzen irakasteko gunea ireki du.
Egitasmo hori Ander Lasa ehiztari zegamarrak jarri du martxan. Horretarako, 40 hektareako lursaila erosi du Naparriturrin, Otsaurtetik gertu. «Animaliarik hil gabe gozatzeko aukera ematen dugu. Basurde batzuk ditugu gure lur eremuan, txakurrei barre egiteko prestatuta. Txakurrak baino askoz ere azkarragoak dira eta askotan ez dituzte aurkitzen. Gainera, aurkitzen badituzte, izkin egiten saiatzen dira. Bestalde, eremu itxia denez, bertan ehiza garaitik kanpo ere txakurrak aska daitezke».
Hala, txakur gazteek basurdeak ehizatzen ikasten dute. Arrasto txakurrak bakarrik sar daitezke eta suzko armak erabiltzea debekatua dago. Ez da negozio bat, ehiztari lagunei eskaintzen dien zerbitzu bat baizik.
Lasa Zegamako Koba baserrikoa da. Umetatik da ehiza zalea. Hasieran usotara joaten zen eta egun basurdetara. «Usoa ehizatzea ez dago norberaren esku, usoa bertatik pasatzea behar baita. Basurdetara joatea politagoa da».
Frantzian, arrunta
Hala, txakurrak basurdeak ehizatzen trebatzeko gune bat prestatzea erabaki zuen. «Frantzian betidanik eduki dituzte halako eremuak, eta jendea hara joaten da txakurrei irakastera. Hori dela eta, aspaldi nuen buruan halako toki bat prestatzea. Ez zegoen horrelakorik, eta behar zen».
Duela bi urte ireki zuen. «Hasieran, aldundiak ez zuen batere argi ikusi. Azkenean, beharrezkoa zela konturatu ziren eta lagundu egin zidaten. Egunero dago zabalik eta jende askok deitzen dit: Santanderretik, Mirandatik, Lizarratik… Izan ere, gertuen dagoena Huescako Ainsa herrikoa da, baina han oso ur gutxi dago. Eta txakurrek eta basurdeek ura behar dute».
Gainera, Zegamako parkea oso ondo kokatua dago. «Jendeak erdi-erdian nagoela esaten dit. Hegoaldeko lau hiriburuen artean gaude eta N-1 errepidea hamar minutura dugu».
Hori guztia gutxi balitz, ehiztariei erosotasunak eskaintzen dizkiete. «Txabola bat dugu, sukalde batekin. Bertan, ehiztariek arropa aldatu dezakete eta zerbait jan». Izan ere, geroz eta gehiago dira basurdeetan aritzen diren ehiztariak. «Basurdetarako zaletasun handia dago. Gainontzeko ehiztariek geroz eta lan zailagoa duten bitartean, geroz eta basurde gehiago daude: baserritar gutxiago daude, sasi gehiago…».
Lasak dioenez, basurdeak ehizatzea ez da jendeak uste bezain arriskutsua. «Arrisku puntu bat du eta esperientzia oso garrantzitsua da, baina istripu gutxi egoten dira. Eskalatzaileen edo eskiatzaileen artean istripu gehiago egoten dira».
Dena den, Zegaman usotarako zaletasun handiagoa dago. «Hemen ez dugu itsasorik. Mendia besterik ez dugu. Hori dela eta, normala da ehiztari asko egotea. Usotarako zaletasun handia dago, usotarako toki ona baita».
Ehiza eta natura azoka
Hala, ez da harritzekoa duela urte batzuk Karraztarro ehiza elkartea sortu izana. Elkarte hori federazioaren postuak txukun mantentzeko eta ekintzak antolatzeko sortu zen. Elkarteak 80 bazkide ditu eta urtero ehiza eta natura azoka antolatzen dute. Aurtengoa bihar izango da, hilaren 15ean.
Ekintza ezberdinak egongo dira: txakur erakusketa, plater tiraketa, arku tiraketa, falkoneria, tiro simulatzailea, haur jolasak, ehiztari erreskatea…
Gainera, 33 postu jarriko dituzte. Armak, arropa, oinetakoak, autoak, atoiak, pentsua, labanak, txakurrak… egongo dira salgai. Gainera, Karraztarrok taberna jarriko du.