Errekabarrena auzoan dago eta Ezkio, Itsaso zein Gabiriako bizilagunei zerbitzua emango die
Astelehenetik bizilagunei irekiko dizkiete aurrera Ezkioko zentro berriaren ateak. Errekabarrena kalean inauguratu dute gaur zentro berria. Aspalditik datorren proiektua dela esan du Joseba Etxezarreta Ezkioko alkateak ondoan Gorka Sasieta Itsasoko Udalaren burua zuela. Orain Ezkio eta Itsaso bereizita egon arren, osasun zentro berriak bi herrietako eta Gabiriako bizilagunak artatuko ditu betidanik Ezkion kokatutako zentroak egin duen bezalaxa. Aurreko azpiegiturak zaharkituta zeudela eta instalazio berrien beharra zegoela esan du inaugurazioan Etxezarretak. Ezkio eta Itsasok finantzatutako zentroa da, 160.000 euroko kostua izan du.
Maiatzean lanak amaituta zeuden arren, hornitzen eta azken ukituak eman dizkiote azken hilabeteotan. Bizilagunak artatuko dituen medikua Xabier Epaizabal da, hilabete da bertan lanean hasi zela; beasaindarra da izatez baina Ordizian bizi da. Epaizabalekin batera Amaiur Muñoa erizainak hartuko ditu zentrora doazenak; Muñoa ere goierritarra da, idiazabaldarra da Lazkaon bizi den arren.
Bizilagunak elkartu ditu inaugurazioak eta aurreko osasun zentroan baino toki gehiago izango dutela azpimarratu dute, baita itxarongelak ere elkartzeko aukera emango diela, “orain arte osasun zentroko itxaron gelan elkartzen ginenean, hain txikia zen ezen hitz egiten hasten baginen erizainak isiltzeko eskatzen zigula”. Beste bizilagun batek zentro berrian “galdu” egingo direla esan du txantxetan.
Zentroak mediku gela, erizain gela, odola ateratzeko gela, bilera gela txiki bat, komunak eta itxaron gela ditu.