Antzizar Kiroldegiko langileek mobilizazioekin jarraituko dute
Antzizar Kiroldegiko langileek «hiru aldeko bilera» deia egina zien atzorako, udalari eta kiroldegia kudeatzen duen Masquatro enpresari. ELAk jakinarazi duenez, «udal ordezkariek ez zuten erantzun eta ez zen inor etorri»; Masquatrokoak bai.
Bileran «alde bakoitzak kiroldegiaz duen ikuspuntua eman zuen. Langileen aldetik, gure enpresa hitzarmen proposamena mantentzen dugula adierazi genien, idatzian adierazitakoa enpresa errealitateari egokitzen zaiolako». Enpresak bere aldetik, «2012an genuen Kirol eta Ikuskizun hitzarmena oinarritzat hartzea proposatu zuen, gaur egungoa baino askoz ere lan baldintza kaxkarragoekin». Era horretan, «negoziatzeko nahia adierazi genien, baina baita ere jakinarazi genien, negoziaketa enkistatzen ari dela, jarrerak gero eta aldenduagoak daudela, eta horrek gatazka areagotzea besterik ez duela ekarriko».
Abuztuko geldialdiaren ondoren, irailean eutsiko diete berriro negoziaketari; bitartean asteroko mobilizazioekin jarraituko dutela diote langileek, «hitzarmena sinatu arte».